Tigre eltxoaren ugalketaren inguruan jardunaldi interesgarria egin dute Beran

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 25a, 17:30

Beralandeta jende bete zen jardunaldian.

Azken aldian zabaltzen ari da tigre eltxoa Beran, eta herritarrak horren inguruan informatzeko jardunaldia egin zuten atzo Beralandetan.

Teresa Ferrer eta Beatriz Agudo teknikariak bertaratu ziren Berara, eta horiekin batera Aitor Elexpuru alkateak ere parte hartu zuen. Elexpuruk TTIPI-TTAPAri erran dionez, eltxo tigrea zabaltzen ari da Beran; Zalaingo industrialdean, baina, baita herrigunean ere.

Elexpuruk zehaztu duenez eltxo horren ugalketa ekiditeko jarraipena egiten ari da, eta hainbat datu ere bildu dituzte, eta baita eltxoen kontrako tratamenduak egin ere. Abendura bitartean jarraituko dute lan horiek egiten, eta abendutik aitzinera udalaren ardura izanen da tigre eltxoaren kontrako neurriak hartzea.

Elexpuruk nabarmendu duenez, helburua prebentzioan sakontzea da, herritarrak bultzatzea eltxo tigrearen kontrako neurriak har ditzaten. Hain zuzen, prebentzioari buruz aritu ziren adituak atzo.

Jardunaldian parte hartu zuten adituak, Aitor Elexpuru alkatea ondoan dutela.

Eltxo tigrea prebenitzeko inportanteena ur geldiak ekiditea dela azaldu du alkateak, ur geldi horiek ahal den neurrian hustuz edo tapatuz. Horrez gainera, norbere burua babestea ere garrantzitsua dela azaldu du Elexpuruk: arropa luzea erabiliz, eta baita eltxoten kontrako uxagarriak erabiliz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun