Santiago Banda organo-jotzaileak emanaldia eskainiko du urriaren 27an Lesakan

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 25a, 08:00

Saniago Banda organo-jotzaile zumaiarrak Lesakako zaharberritutako organoarekin eskainiko du kontzertua ortzirale arratsaldean

Ortziralean 18:30ean hasiko da San Martin elizan zaharberritutako Roqués organoarekin joko duen kontzertua

Organorako Musika Nafarroan zikloaren 39. edizioaren barrenean, Santiago Banda organo-jotzaileak (Zumaia, 1980) kontzertua emanen du urriaren 27an, ortziralean 18:30ean Lesakako San Martin elizan. Berriki zaharberritutako Roqués organoa joko du Bandak.

Ziklo honetako antolatzaileek aipatu dutenez, «Lesakako San Martin eliza erreferente bat izanen da organogintza iberiko erromantikoan, Nafarroan eta bertako mugetatik haratago. Iaz eginiko zaharberritzeari esker, organoak bikaintasuna berreskuratu du; izan ere, azken ureotan gainbeheran zegoen higaduraren eta elementu batzuen pipi-zuloen ondorioz».

 

EGITARAUA

Juan Bautista Cabanilles (1644-1712)
  • Tiento XIV Lleno de 6o tono
Christian Heinrich Rinck (1770-1846)
  • Kontzertua txirularako

Allegro maestosoa

Adagioa

Rondoa – Allegrettoa

Giovanni Morandi (1777-1856)
  • Atarikoa eta Tema bariazioekin
José María Beobide (1882-1967)
  • Fantasia
Julio Andrés Blasco García (1950-)
  • Triptikoa: II
Jesús Guridi (1886-1961)
  • Euskal tema bati buruzko bariazioak

 

Liburua eta dokumentala

Bertze aldetik, Iñigo Morentin eta Organoaren Lagunen Elkarteak idatzitako Lesakako Roqués organoa (1893-2023) 130 urte herriari musika eskaintzen liburua aurkeztuko dute azaroaren 5ean, igandean, 18:30ean Harriondoa kultur etxean. Organoaren zaharberritzearen inguruko dokumentala ere emanen dute egun horretan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun