Ortzegunean aurkeztuko dute Berako BixtuBera kooperatiba

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 24a, 18:00

Bixtubera kooperatibako sortzaileak batzar eratzailearen ondotik Beralandeta kanpoaldean.

Udaberrian hasi zuten Beran Energia Berriztagarrien Komunitatea sortzeko prozesua Goienerren eta Elhuyarren laguntzarekin, eta udazkenean bukatu dute Bixtubera izeneko kooperatiba sortuz.

Irailaren 28an egin zuten batzar eratzailea Beralandetan eta 20 bazkide baino gehiagorekin hasi dute bidea. Ofizialki eratu ondotik, ortzegunean, hilaren 26an, eginen dute kooperatibaren aurkezpena 19:00etan Berako Kultur Etxean eginen duten aurkezpen ofizialarekin.

Bertan kooperatibaren inguruko xehetasunak azalduko dituzte eta  bazkidetzeko aukera ere izanen da.

BixtuBera Energia Berriztagarrien Komunitatea herritarrek eta herriko eragileek (udalak, elkarteak, ikastetxeak, merkatariak) osatutako kooperatiba da. Energia oinarrizko eskubidea dela aldarrikatzea du helburu, pobrezia energetikoari aurre eginez, herritarrak kontzientziatuz, energia sortzeko proiektuak bultzatuz, burujabetza energetikoan aurrez eginez, mugikortasun iraunkorreko proiektuak eginez eta klima aldaketen aurkako neurriak hartuz.

Ortzegunean berean izanen da aukera bazkidetza egiteko baina, ortzeguna aitzinetik edo ondotik egiteko aukera ere izanen da. Horretarako 60 euroko ekarpena egin behar da. Ordainketa zatika edo dena batera egiteko aukera dago, eta horrekin batera inskripzioa orria ere bete behar da. Inskripzioa orria Beralandetan dagoen postontzian uzteko aukera izanen da. Gainera, heldu den egunetan martxan paratuko dute kooperatibaren web orria, eta izen ematea bertatik egiteko aukera ere izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun