Bortzirietako Herri Eskola Publikoen besta eginen dute lehen aldiz urriaren 28an Lesakan

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 24a, 13:00

Irain eskolako ikasle, irakasle eta gurasoak ikastetxearen atarian. Irain eskolako Guraso Elkarteak lehen aldiz antolatu du Bortzirietako Herri Eskola Publikoen besta.

Larunbat arratsalderako hainbat ekitaldi antolatu ditu Irain eskolako Guraso Elkarteak

Aurten, Lehenbiziko aldiz, Bortzirietako Herri Eskola Publikoen besta ospatuko da Lesakan, Irain eskolako Guraso Elkarteak antolatua, Lesakako udalaren laguntzarekin. Ospakizunaren helburua «bortz herritako eskola komunitateak, eskola, guraso, haur eta familiak elkarlanean arratsalde polit bat pasatzea izanen da. Modu honetan, herritarren arteko harremanak sendotu, kultur jarduerak bultzatu eta gure seme-alabei bertze ereduak azaltzeko aukera ezin hobea izanen da».

Programa

Urriaren 28an, larunbat arratsaldean denak Lesakan elkartuko dira eta Irain Guraso Elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu.

16:00etan harrera ekitaldia izanen da Harriondoa kultur etxean. 16:30ean kalejira herrian barrena eta eskola bakoitzak dantza emanaldi bat eskainiko du herriko zenbait tokitan. 17:30ean plazan talde argazkia, bertsoak, jolasak eta Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasleentzat guneak. 18:30etik 20:00etara musika eta dantzaldia izanen da DJ Xaibor-en eskutik. Ondotik zozketa eginen dute. Eguraldi txarra eginen balu frontoian  eginen lirateke ekitaldiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun