Maria Ordoñezek eta Aritz Garinek irabazi dute Lizuniagako Igoera

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 23a, 14:00

Larunbatean egin zuten Bera Lizuniagako Igoeraren 42. edizioa. Denera 44 parte hartzaile izan ziren helduen kategorian, eta haurrentzako krosa ere egin zuten.

Argazkiak: Arantza Agirre eta Txomin Elgorriaga.

Emakumezkoen kategorian Maria Ordoñez izan zen irabazlea 20.23ko denbora eginda, bigarren Cristina Arbues izan zen 23.38ko denborarekin eta hirugarren Ana Paula Tamayo de Souza 25.36ko denborarekin.

Gizonezkoen kategorian, aldiz, Aritz Garin izan zen irabazlea. Garinek 17.45 minutu behar izan zituen 4.9 kilometroko ibilbidea osatzeko. Bigarren Tristan Janmart izan zen 18.04ko denbora eginda eta hirugarren Gwendal Larque herritarra 18.05eko denborarekin.

Errekorra haustetik urruti ibili ziren bai gizonezkoen eta bai emakumezkoen kategorian.

Junior mailako lehenengo sailkatua Luken Ansalas izan zen, eta beteranoetan Javier Delgado eta Teresa Igoa.

Lehenengo herritarrak aldiz, gizonezkoetan hirugarren sailkatutako Gwendal Larque eta Jone Olaetxea.

Ondotik sari banaketa ekitaldia egin zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun