Garmendiko bordako gasnak eta Aialdeko sagardoak irabazi dituzte Berako Lurraren Eguneko lehiaketak

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 23a, 10:05

Berako Gure Txokoa elkarteak XXXV. aldiz antolatu zuen atzo Lurraren Eguna. Jende aunitz bildu zen bertako produktuak ikustera eta erostera eta giro ederra izan zen Berako karriketan egun osoan.

Bertako produktuen azokaz gain, ohikoa den gisan gasna eta sagardo lehiaketak ere egin zituzten Beran. Bortzirietako XXXV. Gasna Lehiaketan herrian bertan gelditu zen lehen saria. Garmendiko bordako Sokorro Almandoz izan zen irabazlea, eta berak jaso zuen 400 euroko saria eta txapela. Bigarren saria Lesakara joan zen, Lesakako Agorleku gasnategiko Ainhoa Goñirentzat izan zen 200 euroko saria. Hirugarren saria Igantziko Txoritokiko Majusta Seinentzat izan zen. 50 euro jaso zituen. Denera zazpi gasna aurkeztu ziren lehiaketara.

Sagardo lehiaketa ere egin zuten XXIV. aldiz, eta saria Lesakako Aialde baserrrira joan zen; bertako Alberto Otxotekorentzat izan ziren 300 euro eta txapela. Bigarren saria, 150 euro,  Zalainzokoko Majiren bordako Jeronimo Oiarzabalentzat izan zen. Sagardo lehiaketara 16 parte hartzaile aurkeztu ziren.

Epaimahaiak bere deliberazioa egin bitartean, giro ederra zegoen Altzate inguruan. Txalaparta doinuz hasi zuten goiza, eta ondotik, Irats eskolako trikitilariak, Berako Isidoro Fagoaga musika eskolako eta Lesakako txistulariak eta Berako Banda aritu ziren giroa alaitzen.

Arratsaldean izan zuen bestak jarraipena. Lehenengo sari banaketa egin zuten Patxi Castillok gidatuta, Ekhiñe Zapiain eta Julen Zelaieta bertsolariek. Ondotik, hiruak bertsotan aritu ziren. Bertsoak bukatuta, Berako Otsanda txarangak alaituta mutxikoak izan zituzten eta eguna borobiltzeko Bide batez erromeria taldearekin dantzaldia izan zen.

Egun guzian jatekoak eta edatekoak erosteko aukera izan zen. Ohi bezala arrakasta handia izan zuten talogileek. Iluntzean, gainera, taloaz gain gaztainak eta sagardoa dastatzeko aukera ere izan zen.

Bezperan ere giro ederra

Lurraren Eguna igandean izan bazen ere, besta giroa bezperatik nabaria zen Beran. Arratsaldean Lizuniagako Igoera egin zuten, eta ondotik Bera Kantariko kideak karrikak musikaz alaitzen aritu ziren. Tenore berean egin zuten Barazki Opil lehiaketa, eta Itsaso Irigoien, Irene Matxiarena eta  Mari Karmen Urtxegi izan ziren irabazleak.

Ordu berean, egin zuten Xabier Erkiziaren Zaratak ez du izenik erakusketaren inaugurazioa eta Xaukena elektrotxaranga ere ibili zen Altzateko ostatuetan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun