Intxaurrenea inauguratu du Lesakako Tantirumairu ikastolak bere 50. Ikasturtean

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 23a, 11:00

Tantaia ere paratu dute Kristo-Eneako jolaslekuan eta ‘Tantaia’ abestu dute lehen belaunaldietako gurasoek

Lesakako Tantirumairu ikastolak, betiko Otxogorrienearen ondoan eraikitako Intxaurrenea eraikina inauguratu zuen urriaren 21ean. Modu berean, ikastolaren 50. Urteurreneko lehen ospakizuna ere egin zuen. Apirilaren 13an eta ekainaren 22an eginen ditu bertze biak. Frontoiko bazkarian 250 lagun bildu ziren.

Larunbat goizean Intxaurrenea bisitatzeko aukera izan zuten ikastolara hurbildu zirenek. Tartean ziren Nekane Artola, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakaria eta Elena Zabaleta eta Josu Reparaz, Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakaria eta idazkaria, hurrenez hurren, Nafarroako bertze hainbat ikastoletako ordezkariak eta Tantirumairu ikastolako lehengo eta oraingo ikasle, irakasle eta gurasoak. Intxaurrenea bisitatu bitartean hiru proiekzio ere ikusgai zeuden gela ezberdinetan: ‘Etxea edo itxia?’, Martxel Rodriguez Etxabide dantzaria eta ikasle ohia protagonista zuen ‘Intxaurrenetik Otxogorrienea Otxogorrieneatik Intxaurrenea’ instalazioa eta lehengo eta oraingo ikasleen argazkiak biltzen zituen ‘Iraganerako leihoa’. Gainera, umamia, samina, mingotsa, garratza, gazia eta gozoa dastatzeko luntxa ere izan zen. Izan ere, Haur Hezkuntzako ikasleendako gelak ez ezik, sukalde eta jangela berri dotoreak ere biltzen ditu Intxaurreneak.

Eraikin berria bisitatu ondotik, Otxogorrienea eta Intxaurrenea arteko patioan ekitaldi jendetsua egin zen. Iban Garrok olerki hunkigarria errezitatu zuen, Olatz Rojok zeharkako txirularekin lagunduta. Ondotik, Edurne Marin ikasle ohiak, bera ikasle zen garaian sortutako ikastolaren logotipoa zuen kutxa gaur egungo seigarren mailako ikasleei eman eta denak Kristo-Enea futbol zelaira joan ziren, bertan baitute jolaslekua prestatua Tantirumairuko ikasleek. Gainera, orain, Tantaia ere badute, Eduardo Condek landutakoa. ‘Tantaia’ kanta abestu zuten lehen belaunaldietako gurasoek, musikarien laguntzarekin.

2017ko Nafarroa Oinezaren garaian ikastolako zuzendari zen Aitor Iratzokik eta presidente zen Amaia Lasherasek ikastolaren historiako mugarriak zehaztu zituzten eta eskerrak eman, duela sei urteko auzolan erraldoi hari esker gauzatu ahal izan delako eraikin berria. 50. Urteurreneko lehen ekitaldia frontoian egindako bazkariarekin bukatu zen. 250 lagun bildu ziren, umore ederrean eta bazkalondoan ere Tantaia kantatu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun