Lurraren Eguna bezperan, urriaren 21ean izanen da erakusketaren inaugurazioa, eta eta azken eguna ere berezia izanen da, abenduaren 3an, Euskararen Egunean izanen baita. Egun horretan, gainera, hizkuntzaren iraganarekin lotutako solasaldia emanen du.
Erakusketaren antolatzaileek nabarmendu dutenez, Xabier Erkiziak urteak daramatza «zarata egiten, soinuak ikertzen, entzumenari buruz idazten, musikariak zirikatzen eta haiekin kolaborazioak lotzen, filmetako soinu-bandak sortzen... eta bertze hamaika ertzez jositako bide oparoa ibilia du dagoeneko». Orain, lehenengo aldiz atzera begirako erakusketa batean bildu ditu urte hauetan egindako lanak.
Erkiziak berak, erakusketaren nondik norakoak ere azaldu ditu testu honetan:
'Zaratak ez du izenik'
Izena jasotzen duenean, hots orok zarata izateari uzten diola irakurri nion Michel Serres pentsalariari. Nekez topatuko dugu orokorrean zarata deitzen diogun hori ulertzeko definizio zehatzagorik. Geroztik, zarata, izenik ez dutenen aberria bezala ulertu izan dut. Edozein momentutan, musika oro agertzeko eta aire oro gertatzeko prest dagoen lege eta arau zehatzik gabeko lekua baita zarata. Komunikazioaren arauek zer eta nola aditu eta zeri kasu egin etengabe adierazten diguten errealitatean, zarata, entzuteko aukera bat da.
Zoritxarrez, logika hau, soinuen unibertso amaigabeetatik at, gizarteko bertze hainbat alorretan ere topa dezakegu. Baztertua, bertzeena, ezezaguna, baliogabea, itsusia edo gaitzesgarria den hori, duen formatik haratago, zarata bihurtzeko joera dugu...
Izenik ez duenak, edo izena ukatzen diogun guzti horrek beraz, gure (ulert)ezinak eta (auzo)lotsak islatzeko gaitasuna du, eta zentzu horretan, aunitzetan, zaratei erreparatzerakoan, soinuez baino, gutaz gehiago ikas dezakegu.
Timorreko erranera zahar batek dio: “gizakiok, bizirik gaudenean, historia egiten dugu, baina hiltzerakoan lurrak belarriak tapatzen dizkigu”. Idatzizkorik ez zenean, gure memoria idazten ez genekienean, pertsonen arteko legeak, arauak eta hitzarmenak hots hutsekoak zirenean, aditzeak berebiziko garrantzia zuela gogorarazten digu esaldi horrek. Eta geroztik, gure mundua ulertzeko moduetan idatzizkoa (irudi bihurtzen den hitza) gailendu den arren, oraindik zeozer ikasi dezakegu premisa hortatik. Historian aurrera egin ahala, gauza aunitz aldatu da ekuazio hortan, jakina. Lehen, errima eta metrika ez den bertzelako teknologiarik gabe egiten zena, orain mikrofono sofistikatu eta grabagailu eramangarriekin egiten dugu. Lehen gure memoriaren zirrikituetan gordetzen genuena, orain disko, kasete edo algoritmo numerikoetan finkatzen dugu. Idazkera aldatu da, baina oinarrian, aditzeko beharrak oraindik irauten du. Aunitzetan ahanzten badugu ere, oraindik belarriberak gara.
Atzerabegirakoa baino atzeraditzekoa izan nahi duen erakusketa honek, azken 20 urteotan egindako hainbat entzunaldi biltzen ditu. Denek, hutsik gabe, guk, arrazoi batengatik edo bertzeagatik, zarata deitu ahal diogun hots horiei eskainitako bizi puskak erakusten dituzte. Birtziklapen ariketa bat balitz bezala, belarriek gidatutako momentu horiek, gure ahanztura zenbait seinalatzeko saiakerak proposatzen dituzte. Azken finean, nor garen eta nondik aditzen dugun ulertzeko moduak. Zaratetan gure islak topatzeko aukerak.