'Intzola, pasoko bidea' liburua argitaratu dute Berako Mugerri eta Ziburuko Jakintza elkarteek

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 19a, 13:00

Hilobien eta monumentu protohistorikoen, burdinolen, harreman ekonomikoek, gatazken eta gerlen inguruko informazioa bildu dute liburuan, bertzeren artean. Berako Lurraren Egunean, eta hurrengo egunetan Berako Igone, Beola eta Agara dendetan egonen da salgai, 20 eurotan.

Berako Mugerri eta Ziburuko Jakintza elkarteek argitaratu dute liburua elkarlanean, Berako Udalaren laguntzarekin eta Nafarroako Gobernuaren argitalpenetarako dirulaguntza batekin. Jakintza elkarteko Paul Badiolak eta Guy Lalannek egindako ikerketa-lan batean oinarrituta osatuta dute liburua eta euskaraz kaleratu dute. Atzo egin zuten aurkezpena bi elkarteetako eta Berako Udaleko ordezkariak bertan zirela.

Intzolako errekak eta haren haranek Urruña eta bera lotzen dituzte. Aspaldiko garaietatik ibili da gizakia paraje horietan eta makina bat hilobi-monumentu protohistoriko ageri dira mendi-muinoetan han-hemenka.

Pasabide natural horrek mendebaldeko ertzetik gurutzatzen ditu Pirinioetako mendi-adarrak. Mendebalderago joanez gero, Bidasoa itsasontziz bakarrik gurutzatu zitekeen eta hau zen Pirinioen bertze aldera joateko pasoko bide nagusia. Hortaz, XIX. mendearen bukaera arte Urrua eta Bera arteko harremanetarako ez ezik, Espainia eta Frantzia arteko bide nagusietakoa izan zen.

Haren arrimua arrasto ugari ageri dira, bereziki Intzola eta Berako bertzelako burdinolak eta horiek hornitzeko meategiak, hilobi-monumentu protohistorikoak, errotak, kisu-labeak...

Erromatarrek baliatu zuten bide hori, eta geroa ere, mendeetan zehar, makina bat gizaldi igaro dira ibilbide horretatik: Konpostela aldera zihoazen erromesak, 1793-1794ko Konbertzioko Gerrako soldaduak, Napoleonen tropak 1813an,, Espainiako Gerra Zibiletik errefuxiatuak eta Bigarren Mundu Gerran sorturiko erresistentzia sareak... Era berean, Berako haranaren eta Lapurdi mendebaldearen arteko harreman ekonomikoetarako baliatzen zuten. Burdinolen inguruan, batik bat, merkataritza harreman aunitz sortu ziren.

1881ean Ibardingo Bidea sortu zenean, bertan behera gelditu zen Intzolakoa. Handik aitzinera, paseorako eta estraperlorako bertzerik ez zuten baliatu.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun