Indarkeria matxistagatik izan den azken salaketaren harira oharra kaleratu du Xulufrinak Sare Feministak

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 19a, 09:30

Xulufrinak Lesakako Sare Feministak antolatuta apirilean egin zuten Xulubest bestak hartutako irudia.

Xulufrinak Lesakako Sare Feministak azken asteotan indarkeria matxistagatik jarritako salaketa baten berri izan duela erranez, oharra kaleratu du. «Eraso edo jarrera matxistak jasan dituzten edo jasaten dituzten emakumeei* babes osoa» adierazi nahi izan die, eta «indarkeria egiturazkoa dela» salatzeaz gain, «harreman sare sano eta parekideak eraikitzea denon ardura» dela aldarrikatu du.

«Gertatutakoaren eta horren inguruko zurrumurruen harira», Xulufrinak Lesakako Sare Feministak «babes osoa helarazi» nahi izan die «edozein motatako eraso edo jarrera matxistak jasan dituzten edo jasaten dituzten emakumeei*». Argi utzi nahi izan du: «Deusek ezin ditu eraso edo jarrera matxistak justifikatu».

Gaineratu duenez, «jarrera eta eraso matxistak ez dira gizonezko bakarrak egindako gertakari isolatuak: indarkeria egiturazkoa delako azaleratzen dira; eta, hain justu, normalizatuak ditugulako kostatzen zaigu horrenbertze jarrera eta eraso horiek identifikatzea». Horrekin batera, «maitasun erromantikoa eta hortik eratorritako harreman toxikoak indarkeriaren beraren sustatzaile» direla uste du Lesakako Sare Feministak. «Denon ardura da elkar-zaintzan oinarrituriko harreman sare sano eta parekideak eraikitzea, hala harreman sexu afektiboetan nola lagunartekoetan».

Jarrera eta eraso matxistak identifikatu eta salatzeko «formakuntza eta saretze feminista ezinbertzekotzat» jo ditu eta bide horretan bidelagun izan nahi du Xulufrinak Sare Feministak. Hori dela eta, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunerako (azaroaren 25a) hainbat ekitaldi prestatzen ari dela aitzindu du. «Aitzinerago izanen duzue horien berri».

Bertzetik, zaintza eskubide kolektiboaren alde mugimendu feministak eta sindikatuek azaroaren 30erako deitu duen greba orokor feministaz ere aritu da: «herrian, eskualdean zein lantokietan antolatuko diren bilera eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diegu gizon-emakume guziei».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun