Lurraren Eguna eginen dute igandean Beran

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 18a, 11:00

Egun berezia izaten da Lurraren Eguna beratarrentzat, eta herritarrez gain, aunitz izaten dira kanpotik ere bertaratzen direnak. XXXV. aldiz antolatu dute aurten Gure Txokoa Elkarteak eta Berako Kultur Batzordeak, eta igandeko ekitaldiez gain, asteburu osoan izanen da zer egin eta ikusi.

35. edizioa beteko du aurten Lurraren Egunak igandean. Urtero bezala eskulangileak, elikadura postuak eta barazkiak izanen dira protagonista. 10:00etan hasiko da azoka, orduan irekiko baitituzte postuak eta baita Olakoren erakusketa ere. Ordu horretatik aitzinera, Merkatu plazan egonen dira ikusgarri barazki eta baserriko produktuak. Horretarako, barazkiak 08:00ak eta 09:00ak artean eraman beharko dira Ricardo Barojara.

Horrez gain, 11:00etan hasita eskolan Bortzirietako 35. Gasna Lehiaketa eginen dute eta eguerdian hasita XXIV. Sagardo Lehiaketa. Parte hartzeko Bortzirietako ekoizlea izan behar da eta  10:00ak baino lehen aurkeztu behar dira produktuak.

Musika izanen da eguneko bertze protagonista. 10:00etan Altzateko plazako oholtzan txalapartariak eta Irats eskolako trikitilariak ariko dira eta ondotik karrikaz karrika, musika eskolako txistulariak, talde instrumentala eta baita Berako Banda ere.

Arratsaldean izanen du segida egitarauak. 17:00etan Ekhiñe Zapiain, Julen Zelaieta eta Patxi Castillo bertsolariak zuzendutako sari banaketa izanen dute. 18:00etan Otsanda bandarekin mutxikoak izanen dira eta 19:00etan erromeria Bide Batez taldearekin.

Egun osoan taloak eta jaki eta edari dastatzeak eginen dituzte.

Lizuniagako Igoera larunbatean

Larunbatean ere zer egin eta ikusi izanen da. Lizuniagako Igoeraren XLII. edizioa eginen dute arratsaldean; 15:30ean ttikien txanda izanen da, eta 17:00etan hasiko da helduen lasterketa. Parte hartzaileek 4,9 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, Iamotenean hasi eta Lizuniagaraino. Izena eman nahi dutenek hiru aukera dituzte: esteka honen bidez lasterketa aitzinetik 5 euroren truke, 626 30 94 38 zenbakira idatzita edo bertzela, lasterketa egunean berean 10 euroren truke.

Ohiko sariez gain, denbora hobetzen dutenentzako 150 euroko saria izanen da. Gizonezkoen kategorian errekorra Chakib Lagcharrek ezarri zuen 2019an 15.55eko demnbora eginda. Emakumeen kasuan, aldiz, 2021ean ezarri zuen Majida Maayoufek 18.30eko denborarekin.

Lasterkaren ondotik, 17:30ean hasita Bera kantari ariko da karrikaz karrika. 18:00etan Labiaga ikastolako Areto Nagusian Xabier Erkiziaren Zaratak ez du izenik erakusketa irekiko dute. Ordu erdi beranduago XIV. barazki-opil lehiaketa eginen dute eta 19:00etan hasita Xaukena elektrotxarangak girotuko ditu karrikak. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun