1.080 euroko guttieneko pentsioak eskatuz sinadurak biltzen hasi dira Baztan-Bidasoaldeko pentsiodunak

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 17a, 13:30

Ikasturte honetako bigarren elkarretaratzea egin zuten atzo Beran Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduko kideek. 38 lagun bildu ziren, eta bertzeak bertze, Nafarroan 1.080 euroko guttieneko pentsioen alde martxan den herri ekimenarekin bat eginez, sinadurak biltzen hasi ziren. Horrez gain, azaroaren 11ko manifestazioan eta azaroaren 30eko greba feministan parte hartzeko deia egin zuten.

Orain dela bortz urte hasi ziren Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduko kideak elkarretaratzeak eginez, atzo oroitarazi zuten bezala, «pentsiodun guztientzako sistema publiko eta duina eskatuz, 1.080 euroko guttieneko pentsioa orain pankartaren gibeleko aldean». Izan ere, «Nafarroan 50.000 lagun baino gehiagok 1.080 eurotik beheitiko pentsioa dute eta horietatik % 66 emakumeak dira» .

Datu horiek kontuan hartuta, sinadurak biltzeko herri ekimena paratu duten martxan Nafarroa mailan, atzoko agerraldian pentsiodunek adierazi zutenez, «Nafarroako Gobernuari eta parlamentuko talde guztiei 2024ko Nafarroako aurrekontuetan guttieneko pentsioak 1.080 eurora osatzea eskatuz».

Bi mobilizazio begiz joak

Horrez gain, bi mobilizazioen berri eman zuten. Alde batetik, azaroaren 11n Iruñeko Baluartetik abiatuta manifestazioa egitekoa da, aipatutako aldarrikapenei eutsiz. Eta bertzetik, azaroaren 30ko greba feministarekin bat egin dutela azpimarratu zuten: «Pentsio eskasak emakume aurpegia du, eta pentsioak ordaintzeko tenorean generoen arteko arrakala nabaria da». Hala, bi hitzordu horiei begira «Baztan-Bidasoaldean kanpaina» egiteko asmoa dute pentsiodunek, «ahalik eta jende gehienak parte har dezan».

Palestinarrekin elkartasuna

Palestinako egoera ere hizpide izan zuten atzo eta «gerrako biktima guztiei pentsiodunen elkartasuna» adierazi nahi izan zieten. «Konponbideak elkarrizketarako eta negoziazioetarako esparru bat abiatuta etorri behar duela» erran zuten, eta palestinarrei «aske bizitzeko eskubidea» aitortu behar zaiela aldarrikatu zuten. «Euren askatasuna urratzen duten jazarpenak gaitzesten ditugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun