Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateak materia organikoa bilduko duen kamioi berria erosi du

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 18a, 07:00
Ibilgailu berria astelehen, asteazken eta ortziraletan egiten den edukiontzi marroiaren gaikako bilketan erabiliko da, baita errefusa biltzeko zirkuitu bat egiteko ere.

Mankomunitate osoko materia organikoa biltzeaz gain errefusaren zirkuitu bat ere eginen du kamioiak. Kamioi berriak orain arte erabili izan dena ordezkatuko du, ezaugarri beretsuetakoa, baina azkeneko hau mantentzen segituko da bilketa puntualetarako edo matxurak gertatzen direnean  ordezkapenak egiteko.

Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateak gurpil-edukiontziak biltzeko 18 metro kubikoko edukiera duen atzeko kargako kamioi berria erosi du. Ibilgailu hori, batez ere, astelehen, asteazken eta ortziraletan egiten den materia organikoaren (edukiontzi marroiaren) gaikako bilketan erabiliko da. Hala ere, errefusa biltzeko zirkuitu bat ere eginen du, batez ere Arantzan, Igantzin, Etxalarren eta Bortzirietako baserri auzoetan.

Materia organikoa gaika biltzeko dirulaguntza

Kamioi berriak 192.866,18 euroko kostua izan du (BEZa barne) eta Mankomunitateak hainbat dirulaguntza eskatu ditu. Hala ere, dirulaguntza horiek kamioiak materia organikoa biltzeko eginen duen lanari baino ez zaizkio aplikatzen. Kalkuluen arabera, lan hori egindako denbora osoaren % 61,65 izanen da.

Gaur egun ez dago inolako diru-laguntzarik gehien kutsatzen duten nahastutako hondakinak biltzeko. Beraz, ingurumenekoez gain, bereizteko eta birziklatzeko arrazoi ekonomikoak ere badaude.

Azkenik, bi diru-laguntza lortu dira:

  • 2022ko Nafarroako Hondakinen Funtsaren dirulaguntza. Urte anitzeko etxeko fluxua: 83.231,40 euro.
  • Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren MITERD funtsak enpresa publikoetan hondakinak kudeatzeko dirulaguntza: 42.258,56 euro.

2024ko egutegia

Urtero bezala, Bortzirietako Hondakinen Mankomunitatea 2024ko egutegia prestatzen ari da, eskualdeko etxe guztietan banatuko dena. Egutegia polita eta erakargarria izateko, urtero inguruko jendeak uzten dituen Bortzirietako irudiak jartzen dituzte.

Irudien formatua horizontala izanen da, 33 x 24 cm-ko neurria izanen dute (gutxieneko neurria: A4, 30x21 cm), eta Bortzirietakoak izanen dira, eta lekua identifikatu beharko da. Paisaiak, natura, txoko politak, jaiak, ohiturak eta abar izan daitezke. Pertsonak agertzen badira, horien baimena aurkeztu beharko da irudiak argitaratzeko.

Interesatuek euren argazkiak bidali ahal izango dituzte teknikaria@bhm.eus helbide elektronikora, edo Mankomunitatearen bulegoetan aurkeztu, Etxalarren, 08:00etatik 15:00etara. Irudiak aurkezteko epea urriaren 31n bukatuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun