Zumai Txoperena Eugi

«Bizikletari esker leku eta jende pila ezagutzeko aukera izan dut»

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 14a, 09:00

25 urteko igantziarra da Zumai Txoperena, «afizioa ofizio bihurtzea lortu duen txirrindularia».

Zaletasun aunitzeko mutila da, eta batez ere kirola, mendia, bidaiatzea eta leku berriak ezagutzea du gustuko. Gehien egiten duen kirola bizikleta izan arren, «frontenisean aritzea ere aunitz gustatzen zait. Lagun artean herriko frontoian partidak maiz jokatzen ditugu eta herriko frontenis txapelketan ere parte hartu izan dut. Mendi irteerak egitea ere atsegin dut, egia erran mendian egiten den edozein kirol gustatzen zait».

Ttikitatik pedalei eragiten

Haurra zela, «etxe inguruan bizikletan ibiltzen nintzen, eta herritik aparte dagoen baserri batean bizi garenez, etxetik herrira bizikletan joaten nintzen beti lagunekin egotera». Gainera, «mendira joaten hasteko adina eta indarra eduki genuenean, lagunekin ateraldiak egiten hasi ginen». Urteak pasatu ahala, «bizikleta gehiago eta gehiago gustatzen joan zait». 

Gaur egun, «aunitzetan» ateratzen da bizikletarekin ibiltzera; «azken hiru asteetan egunero ibili izan naiz, alde batetik lanagatik eta bertzetik lagun arteko ateraldiengatik». Hala ere, «bizikletarekin lan eginen ez banu, astean behin edo bitan ibiliko nintzateke».

«Bizikletarekin lan egiteko ametsa bete dut»

Zumai TXOPERENA

Aitortu duenez, zaila da bizikletan ibiltzeko txokorik gustukoena aukeratzea; «leku aunitzetan ibili naiz eta bertze aunitzetara ailegatzea espero dut. Baina orain arte egon naizen lekurik gustukoena Andorra dela erranen nuke: mendi altuak, baso zabalak eta bizikletan ibiltzeko aukera haundia dago, bike parkean nahiz mendiko ibilbideetan».

Ametsa beteta

Zaletasuna lanbide bihurtu du Txoperenak, eta Basque MTB enpresarentzako lanean aritzen da mendiko ibilbideetan. «Gehienbat Pirinioetan egiten dugu lan, baina tarteka Euskal Herrian ere aritzen gara». Gainera, «bezeroekin bidaiarik ez dugunean Lesakako Udalarentzako aritzen naiz Bizibide proiektuan. Bide berriak irekitzen eta dagoeneko irekiak dauden bideen mantentze lanak egiten aritu izan naiz».

«Lan gogorra» dela dio, «baina gustuko lekuan maldarik ez! Lanbide guziek bezala, alde onak eta txarrak ditu. Egun euritsuak, nekatuta nagoen egunak edo bertzerik gabe bizikletan ibiltzeko gogorik ez dudanak ditut». Hala ere, «kirola eginez dirua irabazten dut eta orduak sartuz maila aunitz hobetu dut».

Txoperenak azaldu duenez, «edonork bezala amets pila bat ditut buruan, baina bizikletari dagokionez, ametsa bete dudala erranen nuke: afizioa ofizio bilakatzea. Orbearekin elkarlanean aritzen garenez, bizikleta ederrak erabiltzeko aukera dut, eta lanari esker leku eta jende pila ezagutzeko aukera izan dut».

Mendiko txirrindularitza

Aukera duen guzietan Enduro probetan parte hartzen du, «nahiz eta azken aldian, lanagatik, ez dudan lasterketara aunitzetara joateko aukerarik izan. Proba hauetan egoten den lagun arteko giro ona eta saltsa gustatzen zait».

Gainera, eskualdean mendiko txirrindularitzak «betitik edo nik oroitzan dudanetik bederen, leku haundia eduki du. Gaur egun, gazte pila ikusten da mendiko bizikletarekin, bai mendian eta baita lasterketetan ere. Geroz eta bide eta zirkuitu gehiago daude MTBrako prestatuak, azpiegiturak indartzen ari gara eta honek jende gehiagorengana ailegatzea ahalbidetzen du».

«Eskualdean bizikletak leku haundia eduki du betitik»

Zumai TXOPERENA

Horren adibide da Lesakan berriki irekitako pump tracka; «bizikletan ibiltzeko guneak herri eta hirien erdigunean kokatzen dira eta kirolari ikusgarritasun haundia ematen diote. Gainera, edozeinek probatu eta praktikatzeko erraztasuna ematen dute».

Izan ere, bizikletarekin hasi nahi dutenak probatzera animatu ditu Txoperenak, «beldurra alde batera utzi eta errespetuaren lagun eginda. Beti erran izan dut beldurra txarra dela, blokeatu egiten gaitu eta ez digu aitzinera egiten uzten. Errespetua, aldiz, ona da; erne mantentzen gaitu eta gauzak kontu haundiz egiten, normalean, segurtasunez jokatzera eramaten gaitu. Beraz, kasko eder bat paratu eta hasi poliki poliki saiatzen!».

Etorkizunera begira

Bere asmoen inguruan galdetzean, «badira aste batzuk nire buruari galdera hau egiten ari naizela, baina oraindik ez dut erantzun garbirik. Momentuan nagoen bezala gustura nago, beraz, ahal dudan neurrian horrela segituko dudala uste dut».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun