Urriaren 15ean ospatuko dute Usategietako Igandea Etxalarren

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 12a, 10:00
Eguraldiak laguntzen badu, bisitari aunitz hurbiltzen dira Lizarietara Usategietako Igandean.

Etxalarko gazteek antolatua, bezperatik hasiko dira ekitaldiak, mus eta patata tortilla txapelketekin

Urteroko ohiturari segituz, urriko hirugarren igandea Usategietako Igandea izanen da. Baina asteburuari hasiera emateko, Etxalarko gazteen eskutik, urriaren 14an mus eta patata tortilla txapelketa aurreikusi dituzte.

Larunbatean 17:00etan emanen zaio hasiera mus txapelketari frontoian eta, horretarako, izen-ematea 16:30etik aitzinera egin beharko da. 19:00etan patata tortilla txapelketa izanen da bi kategoriatan banatuta: 16 urtetik beheitikoak batetik eta goitikoak bertzetik. Hiru laguneko taldeak osatu eta izena emateko aukera izanen da tortilla txapelketaren eguna iritsi arte, Elutsan edo Herriko Ostatuan dauden zerrendetan. Tortilla egiteko beharrezko tresnak norberak ekarri beharko ditu. Tortilla egiteko osagaiak patata, tipula eta arroltzeak. Tortilla apaintzea ere baloratuko du epai-mahaiak.

Urriaren 15ean, Usategietako igandearekin, eguraldi ederra izanez gero, goizean, Altxatak talo postua jarriko du Lizarietan. Arratsaldean berriz, ostatua eta ogitartekoak eskainiko ditu Altxatak frontoian eta bingoa izanen da 20:00etan. Eguna borobiltzeko, 18:00etatik 21:00etara musika izanen da udalaren eskutik eta Modesto arduratuko da giroa alaitzeaz.

Usategietako denboraldi hasiera eta bisita gidatuak

Urriaren 1ean hasi zen Usategietako sare bidezko uso ehiza tradizionalaren denboraldia. 600 urte baino gehiago dituen tradizio hau ikusteko bisita gidatuak ere martxan dira. Urtero bezala, urriaren 1etik azaroaren 20ra bitarteko larunbat, igande eta besta egunetan egiten dituzte bisitak. 10:00etan izanen da euskarazko bisita eta 12:00etan gaztelerazkoa. Ordu eta erdi inguruko bisitaren prezioa 5 eurokoa izanen da pertsonako eta haurrentzat (6-12 urte), berriz, 4 eurokoa. Bisitaz gain, ikus-entzunezko bat ikusi eta sareetako behatokira sartzeko aukera ere badute bisitariek. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun