Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateak 2024ko egutegirako argazkiak bidaltzeko epea ireki du

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 7a, 11:00

2024ko egutegia prestatzen hasia da mankomunitatea eta bortz herrietako argazkizaleen lanak bildu nahi ditu.

Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateak Bortzirietako etxe guztietan banatuko du 2024ko egutegia, eta hori osatzeko herritarrei deia luzatu die beren argazkiak bidaltzeko. Egutegia polita eta erakargarria izan dadin, urtero inguruko jendeak utzitako irudiak erabili izan ohi dituzte eta ideia zabaldu nahi izan dute, edozeinek bere argazkiak uzteko. 

Argazkiek ondorengo baldintzak bete beharko dituzte: 

  • Formatua horizontala izanen da
  • 33 x 24 cm-ko tamainarako kalitate nahikoa izanen dute (gutxieneko tamaina: A4, 30 x 21 cm)
  • Bortzirietakoak izan beharko dute, eta lekua identifikatu beharko da. Paisaiak, natura, txoko politak, bestak eta abar izan daitezke. Pertsonak agertzen badira, horien baimena aurkeztu beharko da irudiak argitaratzeko. 

Irudiak jaso ondotik modu orekatuan banatuko dituzte Bortzirietako 5 herrien artean. gainera, hilabete bakoitzean dagokion urteko datarekin bat datozen irudiak erabiltzen saiatuko dira. 

Argazkiak urriaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira teknikaria@bhm.eus helbidera bidalita, edo mankomunitateak Etxalarren duen bulegoan aurkeztuta 08:00etatik 15:00etara. 

Egutegian urtero gisa etxean sortzen diren hondakinak nola kudeatu, edukiontzi bakoitzean zer bota behar den, garbigunearen ordutegia, atez ateko tamaina handiko hondakinak  biltzeko zerbitzuaren telefonoa eta abar azaltzen dira. Horrekin batera, ilargiari eta baratzeari buruzko informazioa agertzen da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun