1.465 bisitari hartu ditu Lesakako turismo bulegoak udan

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 6a, 09:30
Datuak biltzen direnetik turista kopururik handiena pasatu da Lesakako turismo bulegotik uda honetan.

Gainera, 13 bisita gidatu antolatu dituzte eta guztira 240 pertsonek hartu dute parte hauetan

Ekainaren 20an ireki zituen ateak Lesakako turismo bulegoak eta bertan dagoen Burdinaren Museoak eta irailaren 30a arte luzatu dute udako denboraldia. Guztira 1.465 bisitari hartuko dituzte, iaz baino % 15 gehiago. Gainera, herrian datu turistikoak hartzen direnetik, kopuru altuena da aurtengoa.

Azpimarratzekoa da hazkunde hori ekonomikoki, sozialki eta ingurumenari dagokionez iraunkorra den ikuspegi batetik gauzatzen ari dela. Izan ere, datuek adierazten dute bisitariak gero eta gehiago banatzen direla udako hilabeteen artean, horrela denboraldia luzatuz eta estazionalitatea murriztuz.

Hilabeterik oparoena abuztua da orain ere, baina ekainarekiko, uztailarekiko eta irailarekiko aldea aitzineko urteetakoa baino txikiagoa da, batez ere pandemiaren aitzineko urteekin alderatuta.

Atzerriko turismoaren hazkundea

Jatorriari dagokionez, aurten deigarria da nazioarteko turismoa %102 hazi dela 2022arekin alderatuta. Izan ere, atzerriko turistak totalaren %6 izatetik %12 izatera igaro dira 2023an. Lautik hiru Frantziatik datoz, baina Argentina, Alemania, Erresuma Batua, Belgika, Herbehereak, Errumania, Txekiar Errepublika, Turkia, Israel, Peru, Txina eta Estatu Batuetatik etorritako turistak ere ikusi ahal izan dira. Espainiar estatukoen hazkundea, berriz, txikiagoa izan da eta gehienak Nafarroatik, Madriletik, Bartzelonatik, Gipuzkoatik eta Bizkaitik etorri dira. Deigarria da Madriletik etorritako turistek %85eko hazkundea izan dutela.

Bisitari gehienek herriaz eta eskualdeaz galdetzen dute: paseotxo bat eman eta interesgune nagusiak ikusi nahi dituzte. Era berean, turismo bulegora joaten diren turista aunitzek mendi-ibilbideei buruz galdetzen dute eta Burdinaren Etxea edo ekitaldiren bat ikusten dute.

Gainera, azpimarratzekoa da herrian zikloturismoak nabarmen goiti egin duela eta Lesakako Udalak BTT Bizibide zentroaren eta Bidasoko Bide Berdearen loturaren apustuarekin bat egiten duela. Horren adibide da irailaren 23 eta 24an Sustrails Open Enduro BTT txapelketarako proba puntuagarria den Bizibide Enduro Lasterketan lehiatzera hurbildu ziren 105 txirrindulariak.

240 lagun bisita gidatuetan

Bisita gidatuei dagokienez, bi free tour mota eskaini dira: Lesaka: Gure Kulturaren Sorterria eta Lesaka: Pelikulen Eszenatokia. Uda honetan 13 antolatu dira guztira eta 240 pertsonek parte hartu dute, hau da, iaz baino %12 gehiagok. Bisita gidatu hauetan, banakako pertsonez gain, Donibane Lohizune, Lizarra, Esteribar eta Durangotik taldeak ere etorri dira.

Datu turistiko hauek guztiak aztertzen dituen txostena eskuragarri dagoela Lesakako Udalaren webgunean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun