Oihan masa berreskuratzearen aldeko apustua egin du Lesakako udalak

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 5a, 16:00
Sastrinen hiru mahai paratuko dituzte, bakoitza bere bi mahai luzeekin.

Eskolamendin eta Mikelgorrin 41.000 zuhaitz baino gehiago landatuko dituzte eta Zala auzoaren eta Goiko Iragaren artean pista berria eginen dute

Suteek eta intsinis pinuen eritasunak hagitz murriztua utzia zuten Lesakako oihan masa. Bertzalde, Lesakako herriak klima aldaketaren aurkako borrokarekin bat egin nahi du, deskarbonizazioa erraztuta. «Mendiak izaten ahal duen interes ekonomikoaz gain, bertze interes garrantzitsu batzuk ere kontuan hartu nahi ditugu: bertzeak bertze paisaia, oreka ekologikoa, baliabide hidrikoen babesa, suteen prebentzioa, abeltzaintza bultzatzea, aisialdia eta kirola sustatzea (onddo eta mendi-fruituen bilketa, mendi ibilaldiak eta lasterketak, mendiko bizikleta...)», diote udaletik.

Horretarako, bertako zuhaitzen landaketa indartu nahi dute, aniztasuna eta biodibertsitatea sustatuz. «Ezin ditugu Euskal Herrian aitzineko hamarkadetan egin diren hanka sartzeak errepikatu: akatsa izanen litzateke landare bakarra erabiltzea, insignis pinuarekin gertatu zen bezala, edo ingurumenari kalte egiten dioten eukaliptoa bezalako zuhaitzak sartzea».

Lesakako mendietan egin nahi diren lanen mapa.

Landaketak Eskolamendin eta Mikelgorrin

Bertze alde batetik, mendi gainak garbiak edukitzeari lehentasuna ematen dio udalak, sasi garbiketa mekanikoaren bidez: artzaintzarako soroak hobetzen direlako, eta suteak mozteko balio dutelako.

Horretarako, 2022an suteek erre zuten Eskolamendi inguruko ia 14 hektareatan 18.289 landare landatuko dituzte (14.790 ametz, 870 bertako haritz, 870 gaztainondo, 870 gereziondo, eta 889 haritz amerikar). Mikelgorri mendikoa ia 21 hektareatan,berriz, eri zeuden pinuak bota ondotik ia 23.000 zuhaitz landatuko dituzte (4.619 bertako haritz, 543 gereziondo, 272 lizar, 1.644 haritz amerikar, 3.067 strobus pinu, 6.820 taeda pinu eta 6.000 alertze).

Mendi garbiketak eta bertze lanak

Azken urteetan Beltzaunen, Lantzetarriko maldan, Zumarran, Allegin, Sastrinen, Frainen, Otsangon, Ziobin eta Mikelgorrin egindako landaketak garbitu behar dira, sasiak kenduz eta zuhaitz hondatuak jorratuz. Horrek zuhaitzen hazkundea hobetuko du, eta suteek eragin ditzaketen kalteak saihestuko ditu. Gainera, zuhaitz txarrak eta adarrak moztuko dituzte Aritxulegin, Ponpollegin, Otsangon, Idoian, Erengan, Luzurietan eta Domikon. Errengan 2012an egindako 14,2 hektareako landaketa ixten duen zerrakura ere kenduko dute.

 

Pista berriak eta pista konponketak

Euriteak eta erabilerak hagitz hondatua utzia duten Ikatzulo-Zumarragako pista moldatuko da. Pista bazterrak garbituko dituzte, ur bide berriak egin eta zola moldatu.

Euriteak eta egur garraioak hondatutako Peurango pistak moldatuko dituzte. Aurten esleituko da lehen zatien konponketa, eta lehenbailehen konponduko da.

Zala-Goiko Iraga lotzen dituen pista berria eginen da: badira urte batzuk Zala auzoa Goiko Iragako lepoarekin lotzeko asmoa dagoela, auzo horren eta Agina-Ikatzulo arteko konexio azkarra egiten baitu. Bertako baserritar eta azienda jabeei bidea erraztuko die. Bertze alde batetik, suteak itzaltzeko suhiltzaileen lana azkartuko eta erraztuko du. Lesakako suhiltzaileek behin baino gehiagotan aipatu dute ekimen horren egokitasuna.

Bertze aldetik, Sastrinen iturri bat ireki zen eta otorduak egiteko mahaia hagitz hondatua dagoenez, hiru mahai paratuko dituzte, bakoitza bere bi aulki luzeekin. Herritar aunitzek (kuadrillak, kultur eta kirol elkarteak, ehiza elkartea…) lan handia egiten ari dira auzolanean mendiak eta bideak garbitzeko eta bertako zuhaitzak landatzeko eta hauek eskerrak eman dizkie udalak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun