Urriaren 29an bukatuko da Pello Apezetxearen omenezko bekan lanak aurkezteko epea

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 4a, 14:00

Paskual Rekalde, Leire Mitxelena eta Sagrario Aleman lehenengo beka deialdiaren aurkezpenean.

Pello Apezetxea Zubiri ikertzaile eta euskaltzalea omentzeko bekaren lehen edizioa antolatu zuen udaberrian Bortzirietako Euskara Mankomunitateak Euskaltzaindiarekin elkarlanean. Proposamenak aurkezteko epea iraganik, hutsik gelditu zen deialdia, ez zelakoz eskaera bakar bat ere aurkeztu. Hortaz, bi erakundeek bigarren deialdia egin dute.

Bigarren deialdian interesatuek urriaren 29ra arteko epea izanen dute beren proposamenak aurkezteko. Deialdi honek bi helburu ditu: batetik, Apezetxea omentzea; bertzetik soziolinguistika, dialektologia edota onomastika arloetarako ikerketa lan bat egiteko beka ematea.

Deialdiaren ezaugarriak

Pello Apezetxearen ikerketa esparruak kontuan hartuta, honako ikerketa-gaiak proposatu dituzte lehen deialdian.

  • Onomastika: Toponimia xehearen hedapena eta erabileraren sustapena.
  • Soziolinguistika: Tokiko hedabideen eragina euskararen biziberritzean; helduen euskalduntzea: ikastetik erabilerarako jauzia udalerri euskaldunetan;  immigrazioa, harrera, hizkuntza eta kultura aniztasuna eta euskara udalerri euskaldunetan; gaztelaniaren erabilera goiztiarra udalerri euskaldunetako haurren artean.
  • Dialektologia: Bortzirietako hiztegia; Bortzirietako hizkera administrazioan, hezkuntzan eta tokiko hedabideetan erabiltzeko oinarriak.

Aukerako gai horiez gainera aipatutako hiru arloekin zerikusia duten bertzelako gaiak ere proposatzen ahal dituzte hautagaiek.

Beka emateko orduan, epaimahaiak inguruko errealitatearekiko hurbiltasuna eta aukeratutako eremuan nahiz Bortzirietan aplikatzeko bideragarritasuna izanen ditu kontuan, bertzeak bertze.

Interesatuak banaka nahiz taldeka aurkeztu ahal izanen dira bekaren deialdira, eta urriaren 29ra arteko epea izanen dute proposamenak aurkezteko. Beka esleitu ondotik, bekadunek zortzi hilabeteko epea izanen dute ikerketa garatzeko. Bekadunak 7.000 euroko saria jasoko du egindako ikerketa lanarengatik.

Beka deialdiaren oinarriak esteka honetan irakurri daitezke, eta inforazio gehiago nahi duenak hemen aurkituko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun