Herritar bat ikertu dute 2021eko otsailean Beran eta Lesakan 1.400 hektarea erre zituen sua piztea egotzita

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 4a, 11:45
Suteak kalte larriak eragin zituen batez ere Beran eta Lesakan.

Foruzaingoak eta Iruñeko instrukzio-epaitegi batek frantziar nazionalitatea duen gizonezko bat ikertu dute 2021eko otsailean Beran piztu eta ia 1.400 hektarea kiskali zituen sutearen ustezko egilea delakoan. Kasua behin-behinean artxibatu egin dute, ordea, ezin baitute frogatu ikertutako herritarra dela sutea piztu zuena.

2021eko otsailaren 20an piztu zen sutea eta denera 1.400 hektarea erre zituen, horietatik 672,5 Nafarroan, Beran eta Lesakan, 277,5 Gipuzkoan eta 430,87 Lapurdin.

Egindako begizko ikuskapen tekniko polizialei eta herritarren laguntzarekin lortutako sutearen hasierako uneen argazkiei esker, nahita piztutako sutea izan zela baieztatu zuten ikertzaileek. Bi hasiera puntu zituela baieztatu ahal izan zuten, eta bi hasiera puntuak errepidez lotuta zeudela 647 metroko distantziarekin.

Lekukoen testigantzei eta segurtasun-kameren eta telefono-komunikazioen trafikoaren azterketari esker, foruzainek Espainiar estatuan aurrekari judizialak dituen eta gaur egun Frantzian bertze delitu batzuengatik zigorra betetzen ari den frantziar nazionalitatea duen  herritar bat identifikatu zuten, sutearen egilea izan zitekeelakoan. Horren ondorioz, Instrukzioko epaileak deklarazioa hartu zion ikertu gisa.

Instrukzio epaileak autoan dioenez, «ikerketa-eginbideen eta eskura dauden informazioen ondorioz, bateragarriagoa da erruztatze-hipotesia errugabetzea baino». Hala ere, instrukzioa behin-behinean gelditzea eta auzia artxibatzea erabaki du. Autoan zehazten duenez, «beharrezkoa da egitateak aukera hutsa baino gehiago izatea, ziurtasun bat egon behar du, eta ikertutakoak egindakoa ez da nahikoa delitu-egitatea justifikatu ahal izateko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun