Mus txapelketa antolatu dute Berako Ansonea ostatuan

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 3a, 12:00

Berako Ansonea ostatuan mus txapelketa antolatu dute lehenengo aldiz. Urriaren 6an hasiko da txapelketa eta abenduaren 29an bukatuko, eta partidak ortziraletan izanen dira 22:00etan.

Gehienez 32 bikotek eta guttienez 8 bikotek hartzen ahalko dute parte txapelketan, eta lau erregetara eta 40 tantora jokatuko dute. Bikote bakoitzak 20 euro ordaindu beharko ditu parte hartzeko.

Urriaren 6an hasita ortziralero izanen dira partidak, baina, tartean ortzirale batean atseden eguna izanen dute. Aitzinerago jakinaraziko dute zein egunetan izanen den hori.  

Astero lehenbiziko hiru bikoteentzako sariak egonen dira eta puntuak banatuko zaizkie lehenbiziko 4 bikoteetako partaide bakoitzari.

Abenduaren 29an jokatuko dute azken saioa eta lortutako puntuen arabera lau sari banatuko dira. Irabazleak 800 euro hartuko ditu, bigarrenak 400 euro, hirugarrenak 200 euro eta laugarrenak 100 euro.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun