Joan den asteburuan Soriako Pinares inguruan Master mailako III. Soriako Itzulia jokatu zen. Larunbatean, txirrindulariek 15 kilometroko erlojupekoa zuten goizean eta 70 kilometroko etapa gorabeheratsua arratsaldean; igandean, 90 kilometroko etapa gogorra izan zuten Cebolleda mendi lerroan zehar.
Lehen egunean, goizeko erlojupekoan garaipenetik hurbil ibili ondotik, MItxelenak lidergoa hartu zuen arratsaldeko etapan, Galianako maldetan bere arerioak garaitu ondotik. Igandean, arazorik gabe mantendu zuen lidertza eta bere mailan bigarren etapa garaipena ere lortu zuen.
Mitxelenarekin batera, Beti Gazte Transbidasoa-Inurrieta taldeko Gaizka Otxandorena, Agustin Pena eta Ion Zeberio joan ziren Soriara. Otxandorenak arras erlojupeko ona egin zuen eta erasokor aritu zen bertze bi etapetan, azkenean sailkapen orokorreko 11. postuan sailkatu zen, bere mailan 4. postua eskuratuz. Agustin Penak erlojupeko bikaina egin zuen, baina mendiko etapa gogorrean, osasun arazoak medio, master 40 mailako lidertza galdu eta bigarren bukatu zuen, sailkapen orokorrean bosgarren akituz. Ion Zeberiok erlojupeko kaxkarra egin zuen, baina bertze bi etapetan sentsazio hobeak izan zituen eta sailkapen orokorrean 4. egin zuen, Imanol Arizmendi irabazlearengandik 1:37ra; azken etapan bigarren izan zen eta tarteko helmugen saria ere eskuratu zuen.
Urteko azken lasterketa Ampueron, Kantabrian, izanen dute datorren urriaren 7an.