50. ikasturtea eta eraikin berria ospatuko ditu Lesakako Tantirumairu ikastolak urriaren 21ean

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 26a, 10:00
2017ko Nafarroa Oinezeko hasierako ekitaldia Otxogorrieneko patioan. Bertan egin dute Intxaurrenea eraikin berria.

Lesakako Tantirumairu ikastolak 50. Ikasturtea abiatu du aurten eta horrekin batera, Intxaurrenea eraikin berrian ere hasiak dira Haur Hezkuntzako ikasleak. Horiek biak ospatuz, ospakizuna izanen dute urriaren 21ean. Egun horretako bazkarirako txartelak ere salgai paratu dituzte.

Urriaren 21ean, larunbatean, 11:00etatik 12:00etara Intxaurrenea eraikin berria bixitatzeko aukera emanen dute. 12:00etan ekitaldia eginen dute eta 14:30ean bazkaria herriko pilotalekuan. Bazkarirako txartelak irailaren 25etik urriaren 14ra salgai daude Tantirumairu ikastolako idazkaritzan 08:30etik 12:00etara, Oreka nutrizio dendan eta Izarra okindegian. Haurrek 21 euro ordaindu beharko dute eta helduek 43 euro.

 

«Bikin bat in, bikin bat in…»

«Berriz ere heldu gara birekin bat egiteko gogoz. 2017an Lesakan egin genuen Nafarroa Oinezaren ondoren gure ametsa bete dugula ospatu nahi dugu zurekin. Auzolan erraldoia egin genuen, eta eraikin berria, Intxaurrenea,  altxatu du Tantirumairu Ikastolak Otxogorrienearen ondoan. Eta hori, zure laguntzari esker izan da. Beraz, eraikin berriaren inaugurazio besta hurbil dugula erran nahi dizugu, eta gure ondora gonbidatuta zaudela urriaren 21ean.

Baina ez da hor geldituko kontua. Tantirumairu Ikastolak aurten bere 50. ikasturtea hasiko duela ere ospatu nahi dugu. Hori dela eta, egun bera probestuz, ikasturte honetan eginen ditugun hiru ospakizun nagusietako bat egun berean gauzatuko dugu. Urriaren 21ean, beraz, Intxaurrenearen inaugurazioaren ondotik ekinen diogu gure 50. urtebetetzea ospatzeari. Ikastolan bertan hasi, eta ondotik Lesakako Frontoian bazkari eder batekin eman nahi diogu amaiera egunari. Egun berezi honen parte izatea gustatuko litzaiguke».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun