Alde batetik, trafikoari eta mugikortasunari buruzko ordenantza aldatu zuten herriko aparkalekuei dagokien auzietan. Hori aldatuta, Alkaiagako eta Zalain Zokoko auzotarrei egoiliarren aparkaleku txartela lortzeko eskubidea aitortu diete. Horretarako ezarri dute bi auzo horietako auzotarrek aparkatzeko itsasgarria lortzen ahalko dutela, arrazoi historikoengatik eta gertutasun geografikoagatik. Auzokide horiek 2024 eta 2025 urteetarako baimena berritzeko prozesuan lortuko dute autoan paratu beharreko itsasgarri berdea.
Horrekin batera, urgentziaz onartu zuten Kanttonberri karrikako ur sareak eta zoladura berritzeko proiektua. Proiektu hori Nafarroako Gobernuari aurkeztu zitzaion 2023-2025 urteetarako onartutako Toki Inbertsioen Planaren barrenean, eta gobernuak %60 ko dirulaguntza eman du lan horiek garatzeko.
Erdigunea, eraberritua
Heldu den hilabeteetan hasita, beraz, herriko erdigunea eraldatzeko lanak eginen dituzte Beran. Alde batetik, Kanttonberri eraberritzeko lanak eginen dituzte. Bertzetik, Eztegara eta Matzada lotzeko proiektua idatzia eta onartu da, eta Espainiako Gobernuaren aurrekontua partida liberatzeko zain dago lanak hasteko. Gainera, heldu den hilabeteetan hasiko dira Altzateko karrikako ur sareak eta zoladura berritzeko proiektua idazten. Beraz, herriko zerbitzu gehien biltzen dituen eremuan eraldaketa handia izanen da heldu den hilabeteetan eta urteetan.
Hiru proiektu hauek hirigintza jasangarriko planteamendu batean garatuko dira, eta oinezkoentzako «proiektu lagunkoi» eta trafiko jasangarria uztartuko dituzte. Gainera, proiektu horien bidez uraren kontsumoa murrizten eta euri-uren eta ur beltzen ebakuazioa egoki egiten lagunduko du.
2024an gauzatu asmo dituzten Kanttonberriko eta Matzada eta Eztegara lotzeko proiektuak laster aurkeztuko dituzte herritarren aitzinean, proiektuak erasandako bizilagunek eta Berako biztanle guztiek xehetasunak ezagutu ditzaten.
BixtuBera kooperatiba
Osoko bilkura horretan erabaki zuten Berako udala BixtuBera Energia Berriztagarrien Komunitatearen kooperatiba-sozietate berria sortzeko prozesuan sartzea. Kooperatiba hori ortzegunean egitekoa duten batzarrean eratuko da ofizialki.
Beraz, udalak amaitutzat eman du martxoan hasi zuten Beran energia komunitate bat eratzeko partaidetza-prozesua. Hemendik aitzinera, kooperatiba berria izango da energia berriztagarrien komunitatearen helburuen arabera proiektuak definitzeaz arduratuko dena, udalaren partaidetzarekin batera.