Juanma Molinero

«Inoiz ez da berandu euskara ikasteko»

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 24a, 11:00

Juanma Molinero euskara online ikasten ari da eta astero irakaslearekin biltzen da. Argazkia: Ruben Plaza.

Juanma MOLINERO UGALDE, Beratarra

«Urtero» erreparatzen omen zien euskaltegietako matrikulazio kanpainei, eta duela bi urte pausoa eman eta izena ematea erabaki zuen Juanma Molinero Ugalde beratarrak. Hori baino lehen ez zuen arrotza euskara: «Orain dela 30 urte, unibertsitatean, AEKn ikastaro bat egin nuen». Eta «herrian eta etxean» euskara adituta, «belarria egina» zuen.

Euskaraz aritzen zela ere argitu du, «baina ez nintzen ongi moldatzen, batez ere aditzekin. Jendearekin solasean eta lanean ere –Noticias de Gipuzkoan ari  da– mezuak eta deiak euskaraz erantzuteko ezintasuna nabaritzen nuen. Gainditu gabeko irakasgaia nuen».

Euskara ikastea batzuetan «zaila» egiten zaiola onartu du, eta bidelagun duen «Beñardo Goietxe irakaslearen pazientzia handiaz» oroitu da irri artean. Online egiten ditu euskaltegiko saioak: «Etxean lanak egiten ditut eta asteartero irakaslearekin elkartzen naiz zalantzak argitzeko».

Kontent dago egiten ari den bidearekin: «esperientzia hagitz ona» izaten ari dela eta «pixkanaka-pixkanaka gero eta gehiago ulertzen» duela kontatu du: «Egunero aunitz irakurtzen dut, eta lehen euskarazko testuak irakurtzea kostatzen zitzaidan. Orain gero eta errazago eta gehiago irakurtzen ditut». Horrez gain, «harremanetan ere aldea» sumatu omen du. Eta euskarari lotuta badu bere buruari jarritako erronka ere: «Ortziralero, Noticias de Gipuzkoa egunkariko hirugarren orrialdean, zutabe ttiki bat erdaraz argitaratzen dut. Nire helburuetako bat etorkizunean zutabe hori euskaraz idaztea izanen litzateke».

Gainerakoan, «euskaldunak euskaraz ez direla aritzen ulertzea zaila» egiten zaio: «Batzuetan euskaraz dakitenak euskara ez den bertze hizkuntza batean sumatzen ditut eta pena da». Bere ustez, «euskara altxorra da eta inoiz ez da berandu ikasteko». Are gehiago, «orain erraza» dela dio: «Euskaltegiak hor daude, Bortzirietan dohainik dugu eta denbora baldin baduzu, aukera ona eta polita da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun