Beñardo Goietxe

«Euskara ikastea eta hobetzea merezi du»

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 24a, 09:00

Beñardo Goientxe Laurnagarai Bortzirietako IKAko irakaslea da

Beñardo GOIETXE LAURNAGARAI, Bortzirietako IKAko irakaslea

«Hau maratoi luzea izanen da, eta tarteka, hainbat egoera ikusita, gibelera eginda ere, segi eta segi, poliki-poliki aitzinera egitea da bidea». Horixe uste du Goietxek euskararen egoeraz galdetuta. Bortzirietako euskaltegian dihardu aspaldian eta ikasleen aldetik «denetarik» dutela adierazi du: «bertakoak edo kanpotik gure eskualdera bizitzera etorriak».

Zer eskaintzen duzue Bortzirietako euskaltegian?

Hutsetik hasita (A1) maila guztiak eskaintzen ditugu, C1 titulua gainditzeko ikastaroetaraino. Denak aurrez aurreko eskolak dira. Kopuru mugatuan, online autoikaskuntza eskolak ere ematen ditugu.

Zenbatsu ikasle izaten dituzue?

Urtearen arabera. Guti goiti-beheiti 50 eta 75 ikasleren artekoa izan da banaz bertze azken urteotako kopurua.

Pandemiak matrikulazioan eragina izan zuen?

Bai, iraun zuen bitartean gainbehera ttiki bat sumatu genuen, bereziki eskolak ordenagailu bidez eman behar izanak zailtasunak ekarri zituela uste dugu. Gure ikasleriarentzat, batez ere helduenentzat, gogorra izan zen aurrez aurrekorik gabe eskoletan moldatzea. Irakasleontzat ere ez zen esperientzia xamurra izan.

Berriz lehengora bueltatu da?

Bai, guztiz. Aurreko aurreko eskolak lehengo martxan ditugu.

Zergatik hurbiltzen dira euskara ikastera?

Gero eta jende gehiago heldu zaigu B1, B2 eta C1 titulazioa gainditzeko asmoarekin. Baina horrez gain, zorionez, badaude euskara oinarri bat ikasi eta komunikazio afektibo eta kulturala indartu nahi dutenak ere.

Zein dira ikasleen ezaugarriak?

Bortzirietan denetarik dugu, bertakoak edo kanpotik gure eskualdera bizitzera etorriak. Adin maila, berriz, igotzen ari da. Azken urteotako joera, jubilatu ondotik euskara pixka bat ikastera animatzea izaten ari da. B2 edo C1 azterketa prestatzeko, ordea, gehienbat 18 eta 40 urte artekoak dira nagusi. Gainerakoan, lehentxeago edo geroxeago hasi berriak A1, A2 eta B1 mailetan daude, eta B2 eta C1 mailetan euskaldun zaharrak dira gehientsuenak. Jatorriari erreparatuz, gehienak bertakoak dira, baina badauzkagu lanagatik edo harremanengatik EAEtik, espainiar estatutik eta estatutik kanpo etorritakoak. Eta generoari dagokionez, Ia ikasturte guztietan emakumezko gehiago izaten dira, banaz bertze hamar-hamabortz emakumezko gehiago. Gehienak lanean ari direnak dira, guti goiti-beheiti ikasten ari direnak % 10 izaten ditugu.

Online, aurrez aurre… Ikasleek zein eredu aukeratzen dute?

Ia guztiek aurrez aurrekoa aukeratzen dute, baina % 10ek online eskatzen du, lan, familia edo ikasketa aferengatik ezin delako eskola arruntetara joan.

Azken urteotan aldaketarik sumatu duzu hizkuntza ohituretan?

Bai, bereziki gazteenen artean euskara gehiago erabiltzen dela iruditzen zaigu. 40-50 urtetik goitikoen artean, berriz, hobekixeago bada ere, sobera ez dela aldatu ematen du.

Euskararen egoeraz zer diozu?

Kezkatzekoa da, dudarik gabe, 30 urteotan pauso handiak eman badira ere, euskararen normalizazioa urrun ikusten dugulako; gizartean, politikan, administrazioan, lan munduan, osasun zerbitzuetan… Hau maratoi luzea izanen da, eta tarteka, hainbat egoera ikusita, gibelera eginda ere, segi eta segi, poliki-poliki aitzinera egitea da bidea.

Zein mezu bidaliko zenieke herritarrei?

Euskara eta hobetzea merezi duela, euskaraz komunikatuz, euskaldunok eta gure kultura hobeki ezagutzeko eta maitatzeko, arima aberasteko, baita gure herrian gusturago laketzeko eta bizitzeko ere.

Zerbait gaineratuko zenuke?

Euskara ikasi, hobetu eta euskaraz bizi!

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun