Lourdes SAGUILLO

«Euskara ikastea hagitz aberasgarria da»

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 23a, 13:00
Lourdes Saguillo Cabeza Lesakan bizi den bilbotarra da.

Lourdes SAGUILLO CABEZA, Lesakan bizi den bilbotarra

«Euskara pixka bat banekien, baina duela bi urte Bilbotik bikotekidearen herrira, Lesakara, bizitzera etorri nintzenean, euskaraz solas egin eta hizkuntza maila indartu nahi izan nuen». Lourdes Saguillo Cabezak hala eman zuen izena Bortzirietako euskaltegian.

«2022ko urrian» hasi zen euskaltegian, eta kontent dabil: «Esperientzia hagitz ona da. Euskaraz solas egitera bultzatzen gaituzte, euskararekin zerikusia duten jarduerak egiten ditugu: filmak ikusi, bisitak egin… Eta klaseko jendearen artean hagitz giro ona dugu, zalantzak argitzen laguntzen diogu elkarri…».

Berari «arintasunez solastatzea» egiten omen zaio zailena; «solas egiteak lotsa ematen dit, urduri jartzen naiz eta horregatik trabatzen naiz». Hemengo euskarara jartzea «pixka bat kosta» zaiola ere onartu du, «nik batua ikasi bainuen. Baina irakasleak bakoitzaren beharren arabera erakusten digu. Nire kasuan, eskualdean erabiltzen diren hiztegia eta esamoldeak erakusten dizkit». Dioenez, «Bilbon nire ingurua ez da euskalduna, baina Lesakan bizi naizenetik, bikotekideak, familiak, lagunek eta lankideek euskaraz aritzera animatzen naute eta haiekin elkarrizketak euskaraz izaten ditut».

Euskarak ateak ireki dizkiola ere aipatu du, «lanean eta karrikan», eta horrez gain, orain euskarazko produktu gehiago kontsumitzen omen ditu: «Autoan irratia euskaraz aditzen dut, eta etxean, telebista saioak euskaraz ikusten ditut, entzumena lantzeko eta gehiago ikasteko». Gehiago ere bai: «TTIPI-TTAPA aldizkaria eta euskarazko artikuluak irakurtzen ditut eta Lesakan euskarazko jardueretara joaten naiz: antzezlanak, filmak, kontzertuak…». Bertze pauso bat emanez, «azken aldian euskarazko liburu batzuk» erosi dituela ere aitortu du, «hizkuntza ikasten eta praktikatzen jarraitzeko».

Bere ustez, «euskaldunek zorte handia dute euskara ezagutzen dutelako», eta horregatik egin die «erabiltzeari ez uzteko» deia. Eta «euskara ikasteko erraztasunak eta laguntzak» daudela ikusita, «euskara ikastera animatu» nahi izan ditu erdaldunak. «Euskara zaindu, maitatu eta erabili behar dugu, ez galtzeko. Gure esku dago». Bide batez, «euskarak bizirik segitzeko euskaltegiek eta euskara erabiltzen duten hedabideek egiten duten lana eskertu» du bilbotarrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun