Emakumeen erotikari buruzko tailerra eginen dute Beran

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 22a, 12:00

Emakumeen erotika landuko dute irailaren 28an eta urriaren 10ean eginen dituzteen saioetan. Irudia: Freepik.

Irailaren 28an eta urriaren 10ean izanen dira ikastaroko bi saioak, Kultur Etxean eta Beralandetan hurrenez hurren. Astelehenean bukatuko da izana emateko epea.

Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak antolatuta, emakumeei zuzenduriko Emakumeon erotikak lantzen izeneko tailerra eginen dute Beran irailaren 28an, ortzeguna, eta urriaren 10ean, asteartea. Iraileko saioa Kultur Etxean izanen da eta urrikoa, aldiz, Beralandetan, eta biak 17:30ean hasi eta 19:30ean bukatuko dira. 

Bi tailerrak doakoak izanen dira, eta parte hartzeko irailaren 25a baino lehen eman beharko da izena berdintasuna@bortziakberd.eus helbidean edo 722 69 30 78 zenbakira idatzita. Tailerrean Taupadak Gune Sexologikoko bi sexologok parte hartuko dute, taldea dinamizatzeko eta funtzionamendua errazteko asmoz.

Landuko dituzten edukiak hauek izanen dira: gizakiaren sexu-egintza: sexua, sexualitatea eta erotika kontzeptuak; gure kulturan dagoen gozamen-eredua eta mapa erotikoak handitzea gorputz globaltasuna eta joko erotikoa landuz.

Eduki horiek lantzeko erabiliko duten metodologia teoriko praktikoa izanen da, ikuspegi zikliko eta biografikotik landuko dute, hau da, norberaren gorputzaren ezagutzan sakonduz. Proposamen guztiak teoriko-praktikoak izanen dira, eta tailerren kasuan bizipen gune bat ere gehituko da. Ideiak mugiaraztea eta emakumeei gertatzen zaiena hobeki ezagutzen lagunduko dieten saioak dira, tailerreko antolatzaileen hitzetan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun