Euskal Herriko III. Disc Golf txapelketa larunbatean jokatuko dute Igantzin

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 20a, 09:00

Euskal Herriko III. Disc Golf txapelketa jokatuko dute larunbatean Irrisarri Landen.

Euskal Herriko III. Disc Golf txapelketa jokatuko da irailaren 23an, larunbatean, Igantziko Irrisarri Land zelaian. Baxi Basajauna talde antolatzaileko bortz kirolarik parte hartuko dute, hiruk gizonezkoen P50 kategorian eta bertze bi gizonezkoen junior kategorian, baina irekia denez, klubetik «jende gehiago animatzea nahi genuke, emakumeak batez ere» adierazi dute.

Segidan, irailaren 30etik urriaren 1era Oviedon (Asturias) jokatuko dute Baxi Basajaunako hiru kirolarik, tartean gaur egungo P50 kategorian Espainiako txapeldun den Iñaki Gonzalez Olaizolak.

Disc Golf eskola

Bertzetik, Baxi Basajauna elkarteak gogorarazi du ikasturte honetan ere disc golf eskola izanen dela asteazkenero, 19:00etan Doneztebeko Intzakardi parkean, «kirol berezi hau probatu nahi duen guztiarendako irekia». Izan ere, Igantziko Irrisarrikoa izan zen 18 saskiko Euskal Herriko lehen disc golf zelai ofiziala. Ondotik, Baxi Basajauna disc golf kluba sortu zuten 2020an, Nafarroako lehena. Bere ekimenez, Donezteben hiru saskiko disc golf zelaia ireki zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun