‘Hizkuntzaren garapen ez-tipikoa haur elebidunengan’ ikastaroa emanen dute Lesakan irailaren 15ean eta 16an

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 13a, 10:00

Euskal Herriko Unibertsitateak emanen du, udako ikastaroen barne

Euskal Herriko Unibertsitateak, Uda Ikastaroen barne, Hizkuntzaren garapen ez-tipikoa haur elebidunengan: diagnosia eta esku-hartzea izeneko ikastaroa eskainiko du irailaren 15ean eta 16an Lesakako Harriondoa Kultur Etxean. Izena eman daitekewww.uik.eus webgunean.

Osasunbideko Belen Compains Beaumont eta EHUko Elebilabeko Letren Fakultateko Mari Jose Ezeizabarrena Segurola dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza departamentuak homologatutako ikastaroaren zuzendariak.Uda Ikastaroa  ekitaldi ireki eta zabala da, eta era askotako entzuleei dago zuzenduta. Irakasleak, orientatzaileak, logopedak, psikologoak, medikuak, terapeutak, ikasleak eta familiak izan daitezke ikastaroaren hartzaileak. Ikastaroa bilgunea da, gainera, haurren hizkuntza garapenarekin eta hizkuntza nahasmenduekin jakin-mina dutenentzat, maila pertsonalean zein profesionalean, nahasmenduak eragindako arazoei erantzuten esperientzia duten pertsonen artean, dela terapiaren esparruan, hezkuntzarenean edo familia mailan. Ikastaroaren helburua hizkuntza-arazoen inguruko elkarrizketa eta hausnarketarako gunea sortzea da, ekimen eta ekintzak abiaraziko dituztenak hizkuntza-arazoak dituzten haurrei zailtasunei aurre egiten lagunduko dietenak.

Ikastaroa Lesakan eginen da, euskara erdara batekin (gaztelania edota frantsesa) ukipenean dagoen hiru lurralde euskaldun elebidunen erdigunean. Testuinguru honetan, hizlariei beren aurkezgaiak elebitasunera eta euskarara edo bestelako hizkuntza gutxitu batekiko elebitasunera hurbiltzea eskatzen zaie, izan ere, horrelako gaiak aintzat hartzen dituen ikerketa ez baita ugariegia. Horrexek egiten ditu uda ikastaro hau bezalako ekitaldiak garrantzizko, izan ere, eskarmentudun profesionalen esperientziak izatea, jasotzea eta partekatzea bultzatzen baitituzte, hizkuntza arazoak dituzten haurren eta familien egoera eraman errazagoa egiten lagunduko dutenak, zalantzarik gabe.

Helburuak

Hizkuntza modu ohikoan eta ez-ohikoan garatzen ari duten haur elebakar eta elebidunekin diharduten ikertzaile eta profesionalek pilatutako ezagutza Ikastaroko parte-hartzaileei ezagutaraztea, bai ikerketaren zein praktika kliniko eta hezkuntza esperientzien ondorioz lortutakoa.

Hizkuntza nahasmenduen eta hizkuntza-garapenaren inguruan burututako praktika kliniko eta hezkuntzakoari buruzko elkarrizketa, eztabaida eta hausnarketa bultzatzea, bai aurkezpen teoriko-praktikoen bidez, eta baita mahai-inguru eta adituari zuzendutako galdera-saioen bidez.

Hizkuntza nahasmenduen eraginak areagotu ez daitezen, hizkuntza nahasmenduak antzeman, ebaluatu eta haien balizko ondorio txarrak urritzen lagundu dezaketen esku-hartze eta ekimenak bultzatzea.

Hizkuntza-garapeneko nahasmenduaren inguruko ikasketan eta lanketan familien parte-hartzea bultzatzea.

Elebitasunak hizkuntzaren bereganatze prozesuan hainbat mailatan duen eragina hobeto ulertzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun