European Pro Tourreko disc golf txapelketa jokatu dute asteburuan Irrisarri Landen

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 12a, 16:00

MA3 mailan Baxi Basajauna taldeko Iñaki Gonzalez Olaizola nagusitu zen eta dagoeneko hasiak dira irailaren 23ko Euskal Herriko III. Disc Gol txapelketa prestatzen Igantzin

European Pro Tour txapelketa jokatu da asteburu honetan Igantziko IrriSarri Landeko zelaian. Bertako jokalariez gain, Frantzia, Katalunia eta Asturiasetik etorritakoak aritu ziren.  Lau kategoriatan banatuta jokatu zuten txapelketa: MPO eta MA3 gizonezkoek eta FPO eta FA3 emakumezkoek.

MPOn, Antoin Pagnier Frantziako 2022ko txapeldunaren jokoarekin gozatzeko aukera izan zuten, -18ko txartela sinatu baitzuen txapeldun izateko. Espirit DGC taldeko Marc Lopez izan zen bigarren (-13) eta DGC Oviedoko Carlos Ortego hirugarren (-3)

MA3 kategorian, berriz, Baxi Basajauneko Iñaki Gonzalez Olaizola (gaur egungo Espainiako txapelduna) izan zen txapelduna (+6). Bigarren postuan berdindu egin zuten DGC Oviedo taldeko Raúl López-Canciok eta Romaric Allartek (+11). Ondotik, antzeko puntuazioekin bukatu zuten Lauren Lanneluc, Jose Joaquin Rouget eta Baxi Basajauna taldeko Mikel Ibarrolak, bertzeak bertze.

FPO emakumeen kategoria nagusian Loralie Lanneluce frantziar gazteak irabazi zuen (+20), bigarren Carla Martin (+23) eta hirugarren Florence Pagnier (+51).

FA3 kategorian, azkenik, Nathalie Lannelucek irabazi zuen (+39), Olga Guitar gibelean zuela.

Euskal Herriko txapelketa irailaren 23an Irrisarrin

Orain bi asteko atsedena eta entrenamenduak izanen dituzte Irrisarrin eta irailaren 23an Euskal Herriko III. Disc Golf Txapelketa Igantziko zelaian jokatuko dute berriz ere.

Aste bat beranduago, irailaren 30ean eta urriaren 1ean Espainiako Txapelketa jokatuko da Oviedon, eta bertan ariko dira Baxi Basajauna taldekoak ere, MP50 kategorian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun