Aritz Juanenea saldiastarra txapeldunorde izan da buruz buruko erremonte txapelketan

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 11a, 09:00
Ansa II. txapeldun eta Aritz Juanenea txapeldunorde larunbateko podiumean, gibelean Zubietako joaldunak dituztela. Argazkia: Maialen Andres

Ansa II.a gehiago izan zen larunbatean Galarretako finalean eta 30-17 irabazita jantzi zuen txapela

Aurten binaka lau txapelketetan finalera ailegatu eta txapela irabazia zen Aritz Juanenea saldiastarra. Bosgarrena jokatu zuen larunbatean Galarretan, handiena, buruz burukoa eta oraingoan amore eman behar izan zuen. Hasiera parekatu baten ondotik, Imanol Ansa urnietarra 30-17 nagusitu zitzaion.

Lehenbiziko bi tantuak urnietarrak egin zituen sakearekin, baina bosna eta seina berdintzea lortu zuen Juaneneak. Bost tanto segidan egin zituen Ansak (11-6), baina pixkanaka 14-12ra hurbildu zen saldiastarra. Hortik aurrera, ordea, gehiago izan zen Ansa II.a. Hamar tantoko aldea lortu zuen lehen aldiz 23-13koan eta alde horri eutsi ez ezik, handitzea ere lortu zuen. Azkenean 30-17 nagusitu zen, lehen txapela janzteko.

Juaneneak ez zuen partida txarra eginm 15 tanto egin zituen piloteoan eta bi sakearekin. Sakearekin egindako falta bat izan ezik, ez zuen pilotarik galdu, baina Ansa II.a bikain aritu zen.

 

Ansa II.a: «Txapelaren erdia Julen Loitegirena da»

Ansa oso eskertua zegoen partidu amaieran ingurukoei. «Txapela erdia Julen Loitegirena da. Bere prestaketa sakrifikatu du niri laguntzeagatik. Ibon Zalduari ere eskertua nago, denbora luzean paper hori ere hartu izan duelako. Baita koadro osoari. Gaur egun erremontistak afizioagatik gaude, ofizioagatik baino gehiago. Gazteak animatuko nituzke afizio hau probatzera. Ordu asko sartu ditut kantxan prestaketa lanetan».

Partidaren inguruan Ansak azpimarratu zuenez, «hasieran kosta egin zait neurria hartzea finalari, baina konfidantza askorekin nengoen eta gero eta hobeto aritu naiz. Gakoa sakean egon da, oso ongi sakatu dut eta horrek segurtasun gehiago eskaini dit. Fisikoki ere oso ongi aurkitu naiz. Partidu oso ona jokatu dudala uste dut». 

 

Juanenea: «Kontent nago egindako lanarekin»

Finala galtzearen penarekin, baina egindako lanarekin kontent zegoen Aritz Juanenea: «Ansak izugarrizko partida jokatu du eta saiatu naiz aurre egiten baina ezinezkoa izan da. Halere, niretzat ametsa zen buruz buruko finalean izatea eta lortu dut. Ea hemendik aurrera noizbehinka lortzen dudan berriz ere partida handi hau jokatzea». Saldiastarra eskertua zegoen, «Malerreka aldetik etorri diren zale eta lagun guztiei eskerrak eman behar dizkiet, hemen izan dira animatzen eta babesa ematen. Zubietako joaldunak ere niregatik etorri dira, tartean lagunak ere badira eta horiei ere eskerrak eman nahi dizkiet».

 

 

 

URTEA TXAPELDUN-TXAPELDUNORDE

1944 ÁBREGO-SALSAMENDI
1952 ARESO
1981 INTXAUSPE-ZESTAU
1986 AGERRE-INTXAUSPE
1987 INTXAUSPE-MUJIKA I
1988 MUJICA I-AIZPURU
1989 MATXIN II-INTXAUSPE
1990 MATXIN II-MUJIKA I
1991 MUJIkA I-ELIZALDE
1992 MATXIN II-MUJIKA I
1993 AIZPURU-AGERRE
1994 MATXIN II-AIZPURU
1995 EZKURRA-AIZPURU
1996 EZKURRA-EIZAGIRRE
1997 EZKURRA-EIZAGIRRE
1998 EZKURRA-LIZASO
1999 EZKURRA-EIZAGIRRE
2000 LIZASO-EZKURRA
2001 EZKURRA-LIZASO
2002 EZKURRA-ZEBERIO II
2003 EIZAGIRRE-EZKURRA
2004 EZKURRA-LIZASO
2005 EZKURRA-LIZASO
2006 ZEBERIO II-URRUTIA I
2007 ZEBERIO II-EZKURRA
2008 URRUTIA I-ZEBERIO II
2009 URRUTIA I-ZEBERIO II
2010 EZKURRA-SAN MIGUEL
2011 EZKURRA-URRUTIA I

2012 URRIZA-ZEBERIO II

2013 URRIZA-SAN MIGUEL

2014 SAN MIGUEL-URRIZA

2015 URRIZA-UTERGA

2016 URRIZA-BARRENETXEA IV

2017 URRIZA-UTERGA  

2018 URRIZA-UTERGA

2019 BARRENETXEA IV-URRIZA

2020 URRIZA-ENDIKA

2021 BARRENETXEA IV-URRIZA

2022 URRIZA-BARRENETXEA IV

2023 ANSA II JUANENEA

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun