Giro ederra izan dute Lesakan erraldoien 75. urteurreneko besta handian

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 11a, 08:00

Baztan-Bidasoaldeko 19 erraldoi bildu ziren topaketan eta omenaldia eskaini zitzaien urte hauetan Lesakako erraldoiak dantzatu dituztenei

Isabel eta Fernando erraldoiak herrira ekarri zituztela 75 urte bete direla eta, Lesakako erraldoi eta buruhandien konpartsak antolatutako egun handia giro ederrean ospatu zuten larunbatean.

Goizeko mezaren ondotik, konpartsei harrera egin zitzaien eta kalejira ere egin zuten musikarien laguntzarekin. 19 erraldoi atera ziren 18 musikari eta txarangarekin. Zehazki, Lesakako konpartsa Lesakako gaitariekin atera da, Sunbillako konpartsa Antsoaingo Mendipe gaiteroekin, Berako konpartsa Berako gaitariekin, Igantziko konpartsa Igantziko gaitariekin, Irurita eta Doneztebeko konpartsak Baztango gaitariekin, Baztango Jo ala Joko konpartsa Baztango gaitariekin eta Etxalarko konpartsa Lesakako zenbait musikarik osatuta txarangarekin. Aipagarria da atabalari gazteenak Berako Jokin Telletxea eta Unax Cachafeiro izan zirela, hamar urterekin. Doneztebeko konpartsako kideek xingola beltza zeramaten soinean, konpartsako kide izan zen Joxe Irigoien gogoan. Aurten hasi den Iruritako konpartsari dagokionez, «lehen urtea izan arren, hainbat lekutan ibiliak direla» gogorazi zuen Aritz Urrutia taldekideak.

Karrikaz karrika ibili ondotik, plazan egin zuten topaketa eta azken dantza, Isabel eta Fernando erraldoiek plaza erdian eta gainerakoek bazterreko karriketan. Lesakako konpatsak, gainera, omenaldia eskaini zien urte hauetan erraldoiak dantzatu dituzten hainbat lagunei: Mikel Iriarte, Fermin Etxarte, Juantxin Maia, Juan Mari Etxeberria, Montxo Telletxea, Modesto Maia, Pitxurri Biurrarena, Peio Apeztegia, Axio Arriola, German Deskarga eta Joseba Etxarte.

Ondotik herri bazkaria izan zuten jubilatuen elkartean eta arratsaldean Endara DJ izan zen plazan eta, bukatzeko, zezensuzkoa atera zen, ttikienen gozamenerako.

Erakusketa eta erraldoien pisu zuzena

Bezperan, ortziralean hasi ziren ekitaldiak eta puzgarriak eta merienda izan zituzten Harriondoa kultur etxeko atarian. Argazki erakusketa ederra zabaldu zuten eta El peso justo jokoa izan zen helduentzat. Angel Caballerok asmatu zuen Isabel erraldoiaren pisua (47,5 kilo) eta Enara Aranburuk Fernando erraldoiarena (46 kilo), baina bazkarirako txartela Yolanda de Carlosi eman zion azken honek. Erraldoi konpartsekin batera bazkaldu zuten, beraz, irabazleek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun