Abian da Bidasoaldeko erraldoien topaketa Lesakan

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 9a, 11:05

Lesakako Isabel eta Fernando erraldoiak ekarri zituztela 75. Urteurrena gogoratzen ari dira, 19 erraldoi eta hainbat musikarirekin

Isabel eta Fernando erraldoiak herrira ekarri zituztela 75 urte bete direla eta, Lesakako erraldoi eta buruhandien konpartsak antolatutako eguna ospatzen hasiak dira.

Goizeko mezaren ondotik, konpartsei harrera egin zaie eta kalejira ere hasi da. 13:30ean Baztan-Bidasoko erraldoien topaketa plazan: 19 erraldoi, 18 musikari eta txarangarekin. Zehazki, Lesakako konpartsa Lesakako gaitariekin atera da, Sunbillako konpartsa Antsoaingo Mendipe gaiteroekin, Berako konpartsa Berako gaitariekin, Igantziko konpartsa Igantziko gaitariekin, Irurita eta Doneztebeko konpartsak Baztango gaitariekin, Baztango Jo ala Joko konpartsa Baztango gaitariekin eta Etxalarko konpartsa Lesakako zenbait musikarik osatutatxarangarekin. 14:30ean herri bazkaria izanen dute jubilatuen elkartean eta 18:00etatik 21:00etara Endara DJ plazan eta, bukatzeko, 21:00etan zezensuzkoa aterako da.

Erakusketa eta erraldoien pisu zuzena

Bezperan, ortziralean hasi ziren ekitaldiak eta puzgarriak eta merienda izan zityuzten Harriondoa kultur etxeko atarian. Gaur ere ikusgai izanen den argazki erakusketa zabaldu zuten eta El peso justo jokoa izan zen helduentzat. Angel Caballerok asmatu zuen Isabel erraldoiaren pisua (47,5 kilo) eta Enara Aranburuk Fernando erraldoiarena (46 kilo), baina bazkarirako txartela Yolanda de Carlosi eman zion azken honek. Erraldoi konpartsekin batera bazkalduko dute, beraz, irabazleek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun