Leire Portu

«Errutina osasuntsua mantentzeko konstantzia da garrantzitsuena, ohitura hartzea»

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 10a, 09:00

Leire Portu, Berako Toki Ona kiroldegiko arduraduna

Berako Toki Ona kiroldegiko Leire Portuk azaldu duenez, prestaketa lanetan ari dira ikasturte berriari begira. «Udan eskaera murrizten da baina kurtso hasieran igoera haundia dugu».

Hori dela eta, eskaintza zabala dute; «helduentzako ziklo, zumba, GAP, pilates, gimnasia egokitua… gainera, material berria ekarri dugu eta crosstraininga eta entrenamendu funtzionala egiten hasiko gara».

Gainera, «aurten bereziki haur eta gaztetxoendako kirolari bultzada eman nahi diogu, ohiko kirolez gain, bertze kirolak proba ditzaten. Horregatik, Eskola kirolaz gain, Gazte kirola (10-12 urtekoentzako) eskainiko dugu kirol desberdinekin, eta Gazte fitnessekin jarraituko dugu (12-16 urtekoentzako) egokitutako entrenamendu funtzionala probatzeko gimnasioan eta bertze gelatan».

Adindunek ere badute egokitutako gimnasia egiteko aukera, «adin edo ohiturei moldatua. Hagitz talde eta giro ona sortu dira eta aurten jarduera berriak sartzeko asmoa dugu; dantzak, mendiko bueltak… haien gustura». Izan ere, «hagitz garrantzitsua da zahartzaro aktiboa izatea, eta hemendik lan haundia egiten ahal dugu horren alde. Taldean  aritu nahi ez dutenak bakarka ere etortzen ahal dira gimnasioan aritzeko, eta guk laguntza emanen diogu».

Errutina osasuntsua mantentzeko «konstantzia» da inportanteena, «hasten dena segitzea eta ohitura bat hartzea. Gustukoa duzun aktibitatea aurkitu behar duzu, eta zure egunerokotasunean sartu».

Kirola egiten hasi nahi dutenak «kiroldegira hurbiltzera animatuko nituzke, lotsarik gabe probatzera. Hainbat aukera ditugu, edozeini egokitzen ahal direnak, eta jendeak bere araberako aktibitateak egiten ditu; taldeka, banaka, monitoreen laguntzarekin… etorri eta probatu. Norberak bere mailan zerbait egiten ahal du beti».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun