Euskaltegian izena emateko kanpaina hasi dute Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta euskaltegiak

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 8a, 14:00

Irailaren 29ra bitarte irekia da Bortzirietako IKA Euskaltegietan izena emateko epea. Maite dut euskara... baita lanean ere da aurtengo leloa, eta bereziki euskaraz arlo profesionalean duen garrantzia azpimarratu nahi izan dute. Euskara ikasten ari direnen esperientziak bilduz hiru bideo prestatu dituzte

Duela urte batzuk Arantzara bizitzera joandako Meylin,  kazetaria den Juanma beratarra eta Karmen, Beran bizi den etxalartarra dira bideo bakoitzeko protagonistak. Bideoetan, hiru ikasleek euskara ikastea nolakoa den azaltzen dute, baita hizkuntza ikasteko beren motibazioak zein diren ere. Bideoak Katubiko Oier Fuentesek grabatu eta editatu ditu.

Euskarak arlo profesionalean duen garrantzia nabarmendu nahi izan dute aurtengo kanpainan Bortzirietako Euskara Mankomunitaeak eta Bortzirietako Euskaltegiak: «Euskarazko zerbitzua emateko prestatuko zaituzte Bortzirietako Euskaltegian. Eta horretarako euskara gaitasun agiri bat izatearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Guk sustatzen ditugun lan deialdietan ezinbertzekoa da euskara jakitea, eta bertze arloetan beharrezkoa edo abantaila da», azaldu du Patxi Larretxea mankomunitateko ordezkariak.  

Dirulaguntzez ere mintzatu da: «Herritarrek %100eko dirulaguntza dute euskara ikasteko eta gainera dirulaguntzaren zatirik handiena ikasturte hasieran hartzen ahal dute». Nabarmendu duenez, «ahalik eta erraztasun gehien eman nahi dugu egoera ekonomikoa ez dadin eragozpena izan euskara ikasteko. Izan ere, euskara ikastea herritar guztien eskubidea da eta doakotasunak bermatuta egon beharko luke». Dirulaguntzen eskaerak urriaren 13ra arte egiten ahal dira.

Bortzirietako Euskaltegiko irakasle Beñardo Goietxek azaldu duenez, maila guztiak ematen dituzte euskaltegian: A1, A2, B1, B2, eta C1 mailara arte. Eskola gehienak presentzialak badira ere, online, autoikaskuntza bidez ikasteko aukera ere eskaintzen du Bortzirietako Euskaltegiak. Formatu horretan, ikaslea bere kabuz aritzen da euskara ikasten, eta astean behin elkartzen da irakaslearekin.

Bortzirietako Euskaltegian zein gainerako helduentzako alfabetatze eta euskalduntze zentroetan irekia dago matrikulatzen epea eta irailaren 29an bukatuko da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun