Baxi Basajauna elkarteak antolatutako bi disko golf txapelketa jokatuko dituzte irailean Igantziko Irrisarri Landen. Hasteko, asteburu honetan berean, irailaren 8tik 10era, European Pro Tour lehiaketarako baliagarria den EPT-X Irrisarriland Open txapelketa jokatuko dute. Irailaren 27tik 29ra Mijasen (Malaga, Espainia) jokatuko den European Pro Tpur All-Stars txapelketaren finalerako txartelak banatuko dituzte Igantzin.
Irailaren 23an, berriz, Euskal Herriko III. Disko Golf txapelketa jokatuko da. Baxi Basajauna taldeko bortz kirolarik parte hartuko dute, hiruk gizonezkoen P50 kategorian eta bertze bi gizonezkoen junior kategorian, baina irekia denez, klubetik «jende gehiago animatzea nahi genuke, emakumeak batez ere» adierazi dute. Segidan, irailaren 30etik urriaren 1era Oviedon (Asturias) jokatuko dute Baxi Basajaunako hiru kirolarik, tartean gaur egungo P50 kategorian Espainiako txapeldun den Iñaki Gonzalez Olaizolak.
Disko Golf eskola
Bertzetik, Baxi Basajauna elkarteak gogorarazi du ikasturte honetan ere disko golf eskola izanen dela asteazkenero, 19:00etan Doneztebeko Intzakardi parkean, «kirol berezi hau probatu nahi duen guztiarendako irekia». Izan ere, Igantziko Irrisarrikoa izan zen 18 saskiko Euskal Herriko lehen disko golf zelai ofiziala. Ondotik, Baxi Basajauna disko golf kluba sortu zuten 2020an, Nafarroako lehena. Bere ekimenez, Donezteben hiru saskiko disko golf zelaia ireki zuten.