Isabel eta Fernando erraldoiak herrira ekarri zituztela 75 urte bete direla eta, asteburu honetarako ekitaldiz betetako ospakizun egitaraua prestatu du Lesakako erraldoi eta buruhandien konpartsak.
Irailaren 8an, ortziralean 16:30etik 19:30era puzgarriak izanen dituzte Harriondoa kultur etxeko atarian eta merienda ere emanen dute. Ordutegi berean, argazki erakusketa eta El peso justo jokoa izanen da helduentzat.
Egun handia irailaren 9a izanen da. Larunbatean 09:00etan meza izanen dute, «baina erraldoirik gabe, udalak ez baitu baimenik eman», konpartsako kideek jakinarazi dutenez. 09:30ean gonbidatutako konpartsei harrera eginen zaie Harriondoan, 11:00etan konpartsen kalejira hasiko da. 13:30ean Baztan-Bidasoko erraldoien topaketa plazan: 19 erraldoi, 18 musikari eta txarangarekin. Zehazki, Lesakako konpartsa Lesakako gaitariekin aterako da, Sunbillako konpartsa Antsoaingo Mendipe gaiteroekin, Berako konpartsa Berako gaitariekin, Igantziko konpartsa Igantziko gaitariekin, Irurita eta Doneztebeko konpartsak Baztango gaitariekin, Baztango Jo ala Joko konpartsa Baztango gaitariekin eta Etxalarko konpartsa Lesakako zenbait musikarik osatuko duten txarangarekin. 14:30ean herri bazkaria jubilatuen elkartean eta 18:00etatik 21:00etara Endara DJ plazan eta, bukatzeko, 21:00etan zezensuzkoa aterako da.