Haurtzaindegi ondoan dagoen haur parkea berritzeko lanak hasi dituzte Beran

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 26a, 11:00

Mukixu haurtzaindegi ondoan dagoen parkea, harrizko parkea izenez ere ezaguna dena berritzeko lanak hasi dituzte Beran. Hainbat gurasok egindako eskaeraren ondotik erabaki du Berako Udalak parkea berritzea bertako azpiegiturak zaharkituak zeudelako. Sumalim enpresa nafarrak egokituko du parke berria eta bideoan ageri den itxura izanen du.

Hiru elementuk osatuko dute parke eraberritua. Lotu-L04 izeneko esfera, hiru dimentsioko sareen patroiak dituen metalezko egitura da. Triangeluz osatutako esferak eta esferaerdiak dira, jolas libre, sortzaile eta kolektiborako sortuak.

Flux tria 4 zabuak plaka elektronikoetan inspiratutako diseinu garaikidea du. Haurren sormen askatasuna ahalbidetzen duten joko-egiturak dira, eta ez dira jolas mota bakarrera mugatzen.

Azkenik, loop izeneko elementu kulunkariak osatzen du parkea.

Parkea berritzeko lanak dagoeneko hasi dituzte, eta parkea berritu aitzinetik, haurtzaindegi ingurua eta parkeko sarrera egokituko dituzte irisgarritasuna hobetzeko. Lanak urrirako bukatzea da asmoa.

Lanen kostua osoa 70.950,50 eurokoa izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun