Etxalarko bestak askatasunean eta beldurrik gabe bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko asmoz, Etxalarko Talde Feministak Bestetan ere eraso sexistarik ez lelopean pankarta bat zintzilikatu zuen frontoiko zutabeen artean. Pankarta hau bi gauez kendua izan da, mezu feminista eta zilegi hau besta eremutik kentzeko asmoz.
Etxalarko Udaleko Berdintasun zinegotziak eta Etxalarko Feminista Taldeak aho batez gaitzetsi nahi dugu gertaera hau. Argi dugu emakumeon askatasun eta eskubideen aurkako erasoa dela eta ez gertaera isolatu bat, besta eremuan drogen kontsumoaren aitzakiarekin egindakoa. Horren erakusle da frontoian bertan beste bi pankarta ere zintzilikatuak egon eta Talde Feministarena bakarrik izatea kendu den bakarra.
Hagitz larria iruditzen zaigu berdintasuna eta indarkeriarik eza helburu duten mezu feministak ezabatzeko ahalegin hau. Are gehiago, indarkeria sexistaren gorakada bizitzen ari garen momentu hauetan: Nafarroa mailan, 2023.urteko lehen sei hilabeteetan indarkeria sexistagatik 165 salaketa jarri dira (iaz 244 izan ziren urte osoan). Datu hauen larritasuna areagotu egiten da, salaketa horietatik 72 adin txikiko emakumeen eskutik jarriak izan direla jakinda. Ikus daiteke, beraz, arazo larri baten aitzinean gaudela.
Indarkeria sexistaren gorakada honetan, inoiz baino ozenago zabaldu beharra dugu “ERASO SEXISTARIK EZ” mezua, jakinda eraso hauek ez direla hiri handietan eta ezezagunen eskutik bakarrik gertatzen, baizik eta gure ingurunean ere gertatzen den arazo larri bat dela.
Horregatik guztiagatik, Etxalarko Udaleko Berdintasun Zinegotziak eta Etxalarko Talde Femonistak gure herrian eman den berdintasunaren aurkako eraso hau gaitzetsi nahi dugu.
Etxalarko bestetan ere ez, eraso sexistarik ez!
Ainara Arangibel- Etxalarko Udaleko Berdintasun zinegotzia eta Etxalarko Talde Feminista