Zalaingo biltegitik Foruen Plazarako tartean ura banatzeko sarean antzemandako akats eta ur ihesak konpontzeko sustatu du proiektua udalak, hoditeria guztiz berrituz, bertako bizilagunei eta industriei hornidura egokia eta etengabea bermatu ahal izateko.
Esku-hartzeak, gainera, Zalaingo depositua sarearen gainerakoarekin lotzea dakar. Horrela, sareak biltegiratze-bolumen handiagoa eta hornidura-iturri gehiago izango ditu, eta Zalain auzoko hornidura bermatuko da udan.
Errepidearen gaineko eragina murrizteko eta etorkizuneko mantentze-lanak sinplifikatzeko, espaloietako zoladura aldatzean espaloian dauden hesi fisiko guztiak kenduko dituzte. Ahal den guztietan, gainera, espaloiaren eremua handituko dute oinezkoen irisgarritasuna bermatzeko.
Gaur egun, berritu beharreko ur-hoditeria Zalaingo depositutik Ubelako poligonora bitartekoa da, eta bi puntutan izan ezik, berritzearen trazadura egungoaren puntu berberetatik igaroko da.
Lanen helburua
Lanen bidez ondorengo gabezia hauek hobetu nahi dituzte: etengabe gertatzen diren ur ihesak ezabatzea; Ubela, Legarbidea eta Iparkarrikako etxebizitzen ur hornidura bermatzea; Ubelako industrien ur hornidura bermatzea eta Berako sarearen biltegiratze-ahalmena handitzea, Zalaingo depositua sare orokorrera konektatuz orain arte gainerakoekiko sareen independente lan egiten baitzuen.
Ur sarea berritzearekin batera, sarearen diametroa handituko da, kontsumo handiko momentuetan uraren abiadura hobetzeko. 15 urtetik gora ur kontagailua eta ur hartuneak berritu eta bide publikotik aterako dituzte. Ahal den neurrian, udal ur sarea lurzoru pribatutik aterako dute, mantentze-kostua nabarmen murriztuz eta haren kontrola erraztuz.