Bestak 2023

Puntu Moreak izanen dira Etxalarko eta Arantzako bestetan

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 17a, 17:00

Etxalarren bihar, abuztuaren 18an, 21:00etatik 03:00etara paratuko dute Kultur Etxean. Arantzan, berriz, Arantza Rock egunean izanen da, larunbatean, eskolan 00:00etatik 06:00etara.

Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak azaldu duenez, «Puntu Morea besta eremuan emakume* nahiz LGTBIQ+ kolektiboko kideren batek eraso bat pairatuz gero, arreta eta laguntza zuzena eta profesionala eskaintzeko zerbitzua da. Edozein intentsitateko erasoen aurrean, erasoa jasan duen pertsonari aurrez aurreko arreta emozionala eta bidelaguntza eskainiko zaio, egoera horri aurre egiteko dituen aukeren inguruko informazioa eta aholkularitza emanez». Puntuan Emagin elkarteko bi aditu izanen dira une oro.

Berdintasun Zerbitzuak telefono bat aktibatu du, eraso bat gertatuz gero laguntza eskatu ahal izateko: 722 467 197. Gainera, indarkeria sexistarekiko edozein gertaera edo bizipenen inguruko informazioa helarazteko, berdintasuna@bortziriakberd.eus helbidera idazten ahal da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun