Herriko bestak hasiko dituzte gaur aranztarrek, eta hainbat ekitaldi izanen dituzte aste osorako. Horien artean, kirolerako tartea ere izanen dute; asteazkenean, zehazki, Nafarroako III. Mailako Gizonezkoen Aizkora Txapelketako finala eginen dute.
18:30ean herriko pilotalekuan hasiko da herri kirol saioa, eta lehenik harri altxatze erakustaldia izanen da Lur Errekondo eta Mikel Lopetegi Urperekin. Ondotik, 19:00etan, aizkora txapelketako finala abiatuko da eta Victor Suarez, Jon Erdozia, Patxi Igoa, Oier Mitxelena eta Iker Goldarazena izanen dira lehian. Proban 45 ontzako bi enbor eta bi kanaerdiko moztu beharko dituzte, eta lehen bi sailkatuak mailaz igoko dira.