Gure herriko bestak, inguruko gehien-gehienak bezala, santu edo zaindariren baten omenez egiten dira. Eliza katolikoko santuez ari naiz, jakina. Gure tradizio katolikoaren eragina begi-bistakoa da. Oraindik orain, santuaren egunak markatzen du egutegia bera (aunitzetan, gainera, batere logikarik gabe utziz bestetako egitaraua), baina baita solemnitate handieneko ekitaldiak ere. Udalbatzak, korporazioan, elkarrekin eta modu ofizialean ekitaldi erlijiosoetan baino ez du parte hartzen gure herrian, Beran, eta erranen nuke, hala dela eskualdeko gainerako herri gehienetan ere. Zentralitate osoa ematen diogu elizkizunari, elizari eta honen sinbologia guztiari.
Paradoxikoa da hau, gure herrietan gero eta katoliko gutiago baikara, mendeetako kopururik ttikiena izateraino (are ttikiagoa praktikatzen dutenen kopurua). Gainera, inoiz baino erlijio gehiagotako kideak bizi gara elkarrekin (musulmanak, ortodoxoak, ebanjelikoak…). Gure bestek ez dituzte euren erlijioak kontuan hartzen (eta ez lituzkete kontuan izan beharko), baina gure bestak erlijio baten bueltan antolatzen ditugun bitartean, gainerako erlijioetako kideak, zuzenean, baztertzen ditugu.
«Katolikoek euren santuari errezatu nahi badiote, egin dezatela. Askatasun erlijiosoaren izenean, eskubide osoa dute, eta hori defendituko dut. Baina eremuak ez du eremu publikoa izan behar»
Ezinbertzekoa da gure herrietako bestak laikoak bilakatzea. Katolikoek euren santuari errezatu nahi badiote, egin dezatela. Askatasun erlijiosoaren izenean, eskubide osoa dute, eta hori defendituko dut. Eta ospatu dezatela nahi duten bezala. Baina eremuak ez du eremu publikoa izan behar. Eremu pribatuan (tenpluetan edota etxeetan) izan behar du ospakizun horrek. Eta laikotasun-printzipio hori bete dadin, ezinbertzekoa da udalbatzak, alkatea buru duela, ekitaldi horietan ez parte hartzea. Desberdina da elkarte edo talde jakin baten parte hartzea. Talde horretako kideek erabaki behar dute hori, elkarte edo talde pribatuak diren heinean. Baina botere publikoek ez dute ordezkari gisa parte hartu behar. Nahi duen zinegotziak, libreki parte har dezala, baina ez udalbatzaren izenean, ez herriko ordezkari politiko gisa, norbanako gisa baizik. Badakit tradizioak pisu handia duela honetan guztian (nahieran erabiltzen dugun tradizioa, bide batez). Herritar zenbaitek ez dutela ulertuko (udalbatzak hartzen dituen erabaki guzti-guztiekin gertatzen den bezala). Gizarte justuago, demokratikoago eta berdinzaleago baterako erabakia den neurrian, ezinbertzekoa da.
Gizarte laikoa kontzientzia askatasunean, herritar guzien tratu berdintasunean (norberaren arraza, sexua, aukera espirituala eta kultura edozein dela ere), eta ongizate komuna bilatzean oinarritzen da. Gizarte laikoan botere publikoek edozein sinesmen eta erakunde erlijiosorengandik bereiz egon behar dute.
«Udalbatzak besten baitan leku nabarmendu bat beharko balu, eguneratu egin behar ditu orain arteko errituak, edo berriak sortu»
Eta udalbatzak besten baitan leku nabarmendu bat beharko balu (hau eztabaidarako), herriaren aitzinean elkarrekin agertzeko, herriari agur egitea beharrezkoa dela uste badu udalbatzak berak, eguneratu egin behar ditu orain arteko errituak, edo berriak sortu. Beran, erraterako, abuztuaren 3an, mezaren ondotik egiten den ekitaldiak berak balio dezake horretarako (mezatik erabat aldenduz, ordutegia aldatuz, meza bera programatik kentzearekin batera): herriko banderarekin agurra dantzatu dezatela, eta Berako bordon-dantza eta makil-dantzetan hartu dezala leku berezi bat plazan, beharrezkoa bada. Edo txupinazoaren unea balia dezatela horretarako. Edo, Euskal Herriko bertze leku batzuetan egin den gisara, asma dezagun zerbait berria, udalbatzako kideak, herriko dantzariekin edota herritarrekin batera soka-dantza (aurreskua gurean) dantzatuz, hori baita aurreskuaren edo soka-dantzaren jatorria. Edo sormenetik bururatzen ahal zaigun bertze edozein ekitaldi. Gizartearen hobe beharrez. Gizarte laiko eta anitza helburu.