Gaur egun kirol egiteko galtzerdi eta jantzi teknikoetan espezializatuta dagoen Etxalarko Lorpen enpresa ezaguna 25. urteurrena ospatzen ari da aurten, baina bere jatorriak oraindik lehenagokoak dira. Etxalarko zazpi bizilagunek bultzatu zuten. Herrian ekiteko gogoa zuten. Duela 38 urte, 1985ean kooperatiba bat sortu zuten eta, hasieran, egunero erabiltzeko galtzerdiak egiten zituzten. Denbora gutxian konturatu ziren eboluzionatu egin behar zutela eta horrela hasi ziren mendiko galtzerdi teknikoak egiten.
Gaur egun Lorpeneko Product Manager edo produktuen zuzendaria eta erosketa burua den Miren Olaetxea Indaburuk aipatu digunez, «duela hamabost urte arte, josteko makinak herriko etxetxo txiki batean zeuden, eta etxe batzuetako etxabeetan galtzerdiak ere josten ziren. Bertze etxe batek biltegi lanak egiten zituen, eta bizilagunak hara joaten ziren jostera. Duela hamabortz urte, ordea, langileen etxeetatik gaur egun duten 2.000 metro koadroko nabera pasatu ziren eta hori mugarri garrantzitsua izan zela dio Olaetxeak: «Etxeetan lan egitetik nabe honetara pasatzea hagitz urrats garrantzitsua izan zen, proiektua sendotzeko, batez ere nazioartekotzeari begira».
2014tik Ternuarekin batera
2014. urtean bertze mugarri bat iritsi zen Lorpen markarako eta baita fabrikarako ere, «ordutik Ternua Group-en parte baikara».
Alde batetik, integrazio hori bultzada komertzial berri bat izan zen, Ternua-Lorpen tandema erreferente gisa kokatu baita merkatuan mendiko ekipamendu teknikoan eta berrikuntza iraunkorrean.
Eta, bertzalde, taldeko kide izateari esker, lantegiak, Ternua Group Faktoriaren barnean, ekoizpena dibertsifikatu du, eta Lorpen markako galtzerdiak egiteaz gain, josturarik gabeko barne-jantziak (seamless) ere egin ditu taldeko gainerako markentzat.
Urte hauetan zehar, taldeak lantaldean, sistemetan eta ekoizpen-baliabide berrietan inbertsioak egin ditu, bere ekoizpen-ahalmena handitzeko eta Etxalarko lantegia erreferentziazko zentro batean bihurtzeko, azalarekin kontaktuan dauden jantzien prestaketa aurreratuan eta ekoeraginkorrean espezializatua.
Izan ere, Miren Olaetxeak aipatu digunez, «800 bizilaguneko Pirinioen ondoko herri batean, outdoor-eko munduko bortz galtzerdi tekniko onenetako bat egiten duen fabrika bat izatea izugarria da. Herriarentzako diru-iturri garrantzitsua da, eta langileen %70, gainera, Etxalarren bertan bizi gara. Ni Etxalarkoa naiz, eta lortu dugunaz hagitz harro nago».
Langileen lautik hiru emakumeak dira
Gaur egun 47 langile ari dira Etxalarko lantegian, «eta %75a emakumeak gara, lantegiko arlo guztietan ari garenak, joskintza-tailerretik hasi eta zuzendaritzara bitarte».
Ekoizpenari dagokionez, «punta itxiko galtzerdiak ehuntzeko italiar fabrikazioko zortzi makina berri paratu ditugu. Horri esker, urtean milioi bat galtzerdi pare baino gehiago egin ditzakegu, astean 14.000 galtzerdi pare».
«Lorpeneko langileen % 75 arlo guztietako emakumeak gara»
Baina, horrez gain, aire zabaleko jarduerak egiteko josturarik gabeko 100.000 barne-jantzi termiko (kamixetak eta mallak) ere ekoizten ditu Lorpenek. «Gure jantziak 50 herrialdetan baino gehiagotan merkaturatzen dira –aipatu digu Miren Olaetxeak–, taldearen marken bidez (Lorpen, Ternua, Loreak Mendian eta Ternua Workwear), baita kanpoko marken bidez ere. Gure diseinuak bortz kontinentetan izan direla erran dezakegu. Adibidez, fabrikako urteko ekoizpenaren %20 inguru hirugarrenentzat da, bertzeak bertze, Forum Sports, Bever eta Ametrine bezeroentzat».
Produkzio prozesua
Galtzerdiei dagokienez, fabrikazio-prozesuak hiru zati ditu, «eta %100 hemen egiten dugu. Diseinua baliozkotu ondotik, ehun-gelara pasatuko gara. Sartu berri ditugun zortzi makina berriekin, galtzerdiak egiteko 31 makina ditugu, hiru metroko altuera dutenak. Galtzerdi batzuei, gainera, punta eskuz josten diegu. Modu berean, garbitu eta lisatu egiten dira, bildu daitezen eta akatsik ez dutela egiaztatzen da. Azkenik, material birziklagarriekin biltzen ditugu, eta dendara kartoizko kaxatan bidaltzeko prestatzen ditugu. Prozesua antzekoa da josturarik gabeko barne-jantzietan».
Galtzerdiz betetako kutxak bertze gela batean gordetzen dituzte, apal metalikoetan ordenatuak, Arrasaten (Gipuzkoa) Ternua Group taldeak duen biltegi logistikora eramateko zain eta handik mundu zabalera: Australia, Nepal, Txile gaur egun merkatu garrantzitsua da, Ipar Amerika, Europa osoa… eta gero eta indar gehiago daukagu Asian eta Afrikan».
«Eta hori guztia gure ingurunea ahalik eta gehien errespetatuz egiten dugu», azpimarratu du Miren Olaetxeak. Lantegiak ISO 14001 ingurumen-ziurtagiria du, kontsumitutako energia elektrikoaren %100 jatorri berriztagarrikoa da, «ez dugu kimikarik erabiltzen azken produktuetan, ez eta ur gehiegi ere prozesuetan, erabilitako material guztiak Europan tindatu eta ehuntzen dira eta Oeko-Tex ziurtagiria dute (hau da, galtzerdiek substantzia kaltegarririk ez dutela bermatzen du)… eta gero eta langile gehiago etortzen gara lanera bizikletaz!».
Maila handiko mendizale eta kirolarien babesa izan dute Lorpeneko produktuek betidanik, baina azken aldian garrantzi handiko nazioarteko sariak ere eskuratu dituzte.
Kirolaren Oscar sariak
Ternua Group Faktorian egindako bi jantzik sari bana jaso dute Ispo Awards 2022an. «Sari hauek kirolaren Oscar sarien modukoak dira» dio Miren Olaetxeak. Jantzietako bat Ternua markako barruko elastiko bat da, Kantauri itsasoan jasotako arrantza-sareetatik datorren poliamida birziklatuz egina, Redcycle proiektu bereziari esker; bertzea, Lorpen markako galtzerdi biodegradagarriak, neguan mendirako diseinatuak. Galtzerdi hauek ez dira inoiz zabor bihurtuko. «Gainera, harro gaude gure jantzietan konfiantza duten alpinista handien konfiantzaz, espedizioetan beren oinak jantzi eta babesteko, hala nola Alberto Iñurrategirena edo Gerlinde Kaltembrunner alpinista austriar handiarena, oxigeno gehigarririk gabeko hamalau zortzimilakoak igotzen lehena».
«Ez dugu kimikarik erabiltzen azken prozesuetan»
Saria lortu zuen kamisetetako baten osaketa % 97 poliamida da. Lehenbizi sareak beroarekin urtzen dira eta horren emaitza fibra gordin bat da, berriz ere urtzen dena. Materiala makina batean sartu eta, azkenean, sortzen diren hariak tindatu eta loditzen dira, josi ahal izateko». Gainera, kamiseta hau Europa osoan lehen jantzia da mendatik eratorritakoa eta bakterien kontrako tratamentua erabiltzen duena, «olio esentziala da, eta ez dauka metal arrarorik. Hagitzez jasangarriagoa da, ez baitu kutsagarria den deus botatzen». Etorkizunari begira, Miren Olaetxearen erranetan, «Ternua Group Faktoria funtsezko aktiboa izanen da taldeak ekoizpen propioan eta hurbilean hazteko apustua sendotzeko».
«Galtzerdi teknikoetan espezialdutako bortz marka onenen artean gaude»
MIREN OLAETXEA INDABURU LORPEN ENPRESAKO PRODUKTUEN ZUZENDARIA ETA EROSKETA BURUA
1999an Industrias Savidai SL izena zuen Lorpen enpresak, orduko Ttipi-Ttapa Telebistako erreportaje batean ageri denez. Jose Manuel Bizente, sustatzaileetako batek zioenez, «galtzerdien diseinua, marrazkia, anagrama… ordenagailuan egiten da eta diskete batean sartu eta josteko-makinara pasatzen da informazioa. Orduan ere josteko-makinak automatikoak ziren, «baina pertsona baten laguntza ere behar dute, haria xehetzen ahal delako edo zikina sartu eta gelditu». Nabe batean egiten zituzten galtzerdiak, baina punta josi gabe gelditzen zen. Handik furgonetetan Martinera eraman eta han bukatzen zuten prozesua, punta josi, ur beroarekin garbitu, idortu, baporearekin plantxatu, etiketatu, kaxetan sartu eta herrian sakabanatuak zeuden 6-7 biltegietan uzten zituzten, saldu aitzinetik. 24 ordu beranduago, aunitz modernizatu eta zentralizatu da prozesua eta tresneria, baina funtsean berdintsua da. 1985ean zazpi etxalartarrek hasitako bide hark segida du oraindik eta etorkizun oparoa.
1985ean sortua, duela 25 urtetik Lorpen izenarekin lanean… Ibilbide luzea egin duzue, baina oraindik aitzinera egiteko eta hobetzeko gogoz segitzen duzue?
Sartu berri dugun teknologia berriak (zortzi ehungailuek) instalazio honetan % 30 gehiago produzitzeko aukera emanen digu. Bertzalde, Lorpen-en 25. urteurrena dela eta, ekonomia zirkularreko proiektu batean ari gara lanean, baztertutako poliesterrezko jantziak galtzerdi bihurtzeko. Horrela, zabortegian bukatzen duen hondakin bihurtu beharrean, lehenbizi lehengai bilakatuko ditugu eta gero kalitatezko jantzi tekniko bihurtuko ditugu. Markako ekintza bat izatea nahi dugu, aldi berean herriaren historia kontatzen duena. Izan ere, hemendik, gero bat egiten duten bi erreka pasatzen dira eta horrela, dena elkartzen dela eta aitzinera egiten duela adierazi nahi dugu.
Naturaz inguraturik lan egiteak ere balio erantsia ematen dio produkzio kateari?
Gure bizimoduarekin, gure lanarekin eta egiten ditugun produktuekin koherente izaten saiatzen gara. Oraindik gehiago, Lorpenek bere ur-araztegi propioa ere badauka. Onena tratamendurik ez erabiltzea da eta jantzien % 98an ez dugu erabiltzen. Baina noizbait erabili beharra suertatzen bada, ongi egiten dugu, ingurumena errespetatuz betiere.
Hain zuzen, ingurumenarekin errespetu horri garrantzi berezia ematen diozue lan prozesuan eta hori azpimarratzen duzue aunitz…
Duela hiruzpalau hilabetetik hona, gure jardueran sortzen diren ehun-hondakinak (galtzerdi akastunak, hari kaltetuak, galtzerdi zatiak…) automozioaren industrian isolatzaile gisa erabiltzeko birziklatzera bidaltzea lortu dugu, bigarren bizitza bat emateko. Hagitz kontent gaude urrats honekin. Produktuak eta prozesuak beti hobetu behar ditugu, beti ere iraunkortasuna gogoan izanda!
Nork erranen zien hasierako sortzaile haiei, 37 urte beranduago Lorpen horrelakoa izanen zenik…
Hasieratik eta Nafarroako Gobernuaren programa bati esker Lorpenek bere lekua hartu zuen merkatuan. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbarak 2006ko esportazioaren saria eman zion Lorpen lantegiari, «epe laburrean izan duen zabalkunde indartsua» aitortzeko. Orduan merkataritzako saila ireki zuen Kanadako Toronton eta ekoizpen lantegi berria Mexikoko Puebla hirian. Mendiko galtzerdi teknikoetan espezialdutako marka bakanetakoa ginen eta orain munduko bortz onenetako bat gara, 800 bizilaguneko herri batetik abiatuta. Izugarria da lortu dena, baina aitzinera begira lanean segitzeko gogoz gaude!