Bestak 2023

Herriarteko txapelketa irabazi duten pilotariak omendu dituzte Berako bestetako pilota jaialdian

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 7a, 09:00

Goldatz emakume feminista taldeak pilotari guztientzat berdintasuna aldarrikatu du pankarta batekin

Berako bestetako pilota jaialdiak izan ziren ortziralean. Gizonezko profesionalen artekoa Aspek antolatu zuen eta emakumeena Adosek. Horren inguruan, txupinazoa botatzearen ardura izan duen Goldatz emakume feminista taldeak ‘Baldintza berdinak pilotari guztientzat, gora emakume pilotariak’ zioen pankarta zintzilikatu zuen. Gizonezkoen partida nagusiaren aitzinetik, omenaldia eskaini zitzaien Nafarroako herriarteko pilota txapelketa txikia Berara ekarri zuten pilotari gaztetxoei eta herriaren izenean, oroigarria hartu zuten Aitor Elexpuru alkatearen eskutik.

Gizonezkoen jaialdiko lehen partidan, Peio Etxeberriak eta Erostarbek 22-13 irabazi zieten Zabala eta Bikuñari eta partida nagusian, Elordik eta Zabaletak 22-17 irabazi zieten Altuna III.ari eta Rezustari.

Ados pilota elkartekoen partidan, berriz, Irantzu Etxebeste Iantzi herritarrak eta Maite Ruiz de Larramendik irabazi zieten Iera Agirre Iturriaga leitzarrari eta Orbegozori.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun