Bestak 2023

Hamahiru emakumek euripean dantzatu dute Berako Bordondantza

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 3a, 14:00

Paula Artiedak gidatutako dantza nagusiaren ondotik, 76 dantzarik Makildantzak ere dantzatu dituzte Berako besten egun handian

Emakumeek lehen aldiz 2014an dantzatu zuten Berako San Esteban eguneko Bordondantza. Bederatzi urte beranduago, egun handiko dantza nagusia dantzatu duten hamahiru dantzariak emakumeak izan dira gaurkoan, Paula Artieda Vilaren gidaritzapean. Berekin batera, Ane Eltzaurdia, Kattalin Berasain, Idoia Goia, Eneritz Zapian, Nahikari Loiarte, Irati Lazkanotegi, Naroa Otamendi, Ainhoa Irigoien, Amaia Prieto, Julia Artieda, Uxune Otxoteko, Onintza Zapiain aritu dira Bordondantzan. 

Aitzinetik, plazan, herriko bandera dantzatu du lehen aldiz Angel Pombar zinegotziak, udal ordezkari guztiak inguruan zituela, eta Andoni Andueza zinegotzia eta Markel Lasarte Barredo izan ditu laguntzaile alabardarekin.
Bandera Herriko Etxera igo ondotik dantzatu dute Bordondantza. Ondotik, zazpi taldetan banatutako 76 dantzarik Makildantzak dantzatu dituzte eta ondotik, Josu Sanjurjo eta Miren Amuriza aritu dira bertso kantari herriko etxeko arkupean.

Arratsaldean ere dantzak izanen dituzte Altzateko plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun