‘Ez, eskerrik asko!’ dokumentala emanen dute Amaiurren abuztuaren 3an

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 2a, 09:00
1980. hamarkadako mugimendu antinuklearra eta Gladys del Estalen hilketa ageri dira dokumentalean.

Ortzegunean 19:00etan hasiko da emanaldia Amaiurko Otsondo aretoan

‘Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa’ dokumentala emanen dute abuztuaren 3an, ortzegunean, 19:00etan, Amaiurko Otsondo Barrideen Elkarteko aretoan. Sarrera dohainik izanen da plazak agortu arte. Sabino Ormazabalen ideia eta gidoiarekin Bertha Gaztelumendik zuzendu duen dokumentalak, Gladys del Estalen hilketaren harira1980. Hamarkadako mugimendu antinuklearraren erretratua egiten du.

Sinopsia

80ko hamarkada hasieran mugimendu antinuklearra puri-purian zegoen nazioartean, eta baita Euskal Herrian ere. Kostaldean eraikitzear ziren hiru zentralez gain (Lemoiz, Ea-Ispaster eta Deba), Arguedasen laugarren bat egiteko asmoa zegoen. Horren aurka protestatzeko, mobilizazioak antolatu ziren Tuteran. Gladys del Estal Ferreño Tuterara joan zen, baina ez zen itzuli. Manifestazio baketsu hartan, Guardia Zibil baten tiroak hil zuen. Film honek, Gladysen gertakariaren harira, garaiko gizartearen onespena lortu zuen mugimendu sozialaren erretratu bat egin nahi du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun