Toki Ona Bortziriak saskibaloi taldeak antolatutako 3x3 saskibaloi txapelketa solidarioa arrakastatsua izan da asteburuan. Larunbateko kuadrillen arteko txapelketan hamar taldek parte hartu zuten eta igandeko elite txapelketan hamabi taldek. Txapelketa solidarioa izan da, esklerosi anizkoitza dutenen Gipuzkoako Ademgi elkartearen eta Alyme elkartearen alde. Honela, bi egunetan paratutako ostatuan, tonbolan eta izena ematerakoan bildutako dirua bi elkarte horietara bideratu da.
Kirol arloari dagokionez, bai kuadrilla arteko baita elite mailako txapelketak Berako taldeek irabazi zituzten. Larunbatean, kuadrilla artekoan, Bera, Lesaka, Elizondo eta Irungo jokalariak aritu ziren eta Berako Toki Ona Old School suertatu zen garaile, finalean Berako Anbrunak kuadrillari irabazita.
Igandeko elite mailko txapelketan, berriz, Donostia, Iruña, Oñati, Zarautz eta Berako taldeak aritu ziren. Irabaleak Toki Ona All Stars Berako taldea izan zen, finalean Donostiako Helados Gratis en la Kontxa taldeari irabazita. Nesken kategorian, Donostiako Basket Kalea izan zen garaile, Bera eta Zarauzko jokalariek osatutako Lorearen bilobak taldeari irabazita finalean.