Xemein Aisialdi Taldeko 80 gazte eta 26 hezitzaile Beran izanen dira 15 egunez

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 26a, 18:00
Xemein Aisialdi Taldeko gazteak 2015ean Lesakan egindako egonaldian

Uztailaren 30etik abuztuaren 14ra bitartean Xemein Aisialdi Taldeko 80 gazte eta 25 hezitzaile Beran izanen dira. Bidasoa karrikako belardi batean eginen dute egonaldia.

Bizkaiko Markina Xemein herriko taldea da Xemein Aisialdi Taldea eta 1979. urtetik Euskal Herriko hainbat txokotan antolatu dituzte egonaldiak.

Beran 10 eta 17 urte arteko 80 haur eta gazte izanen dira lau taldetan banatuta, eta horiekin batera 25 hezitzaile ariko dira lanean. Talde guztiak elkarrekin bortz egunez bakarrik egonen dira kanpalekuan, inguruko herrietara irteerak eginen dituztelako bizikletaz.

Kanpaldiaren helburu nagusia euskaraz bizitzea eta gozatzea da, eta baita Euskal Herriko txokoak ezagutu eta baita hezkidetza eta parte hartzea sustatzea ere.

Berako txokoa, jendea, ohiturak eta bestak ezagutzea eta harremanak sendotzea ere ezarri dute helburutzat. Gainera, Berako herriari eta eskualdeari bizitasuna eta ekarpen ekonomikoa eskaini nahi dizkiote, erosketak herrian eginen dituztelako eta herriko zerbitzuak erabiliko dituztelako.

Aitzinetik ere eskualdean izanak dira bizkaitarrak. 1979an Lekarozen egin zuten lehen egonaldia, eta ondotik, 1993an berriz ere itzuli ziren bertara eta 2004ean Donezteben eta 2015ean Lesakan egin dituzte udako egonaldiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun